Xabat Martin, Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 3a

Xabat Martin (eskuinetik bigarrena), gainerako Gipuzkoako txapeldunekin. Arg.: Martin Early

Antonio Elorza belodromoan pistako Gipuzkoako txapelketa lehiatu zen urtarrilaren 31n eta hilaren 1ean. Kadete kategorian, Andoaingo Txirrindulari eskolako kide Xabat Martin Mariezkurrena eta Dario Gomez Blanco herritarrak izan ziren lehian. Martinek omnium eta jazarpen probetan Gipuzkoako txapeldun titulua eskuratu zuen

Lurraldeko kadete eta junior txirrindulariak bildu ziren Donostiako belodromoan eta bi jardunaldi ezberdinetan omnium, jazarpen eta keirin probak lehiatu zituzten. Gipuzkoako Pista Saria irabazi ostean, Martinek aukera handiak zituen garaile izateko. Lasarteoriatarrak ez zuen hutsik egin eta Gipuzkoko txapeldun titulua eskuratu zituen omnium eta jazarpen probetan eta zilarrezko domina jantzi zuen keirin-ean. Baina aurkari gogorra izan zuen, Irunes taldeko Daniel Diaz Bejarano.

Urtarrileko azken egunean eman zioten hasiera lehiaketari kirolari gazteek omnium lehiaketarekin. Horren barruan scratch, tenpo, kanporaketa eta puntuazio probei aurre egin zieten lehiakideek.

Scracht saioan, Oriako-Limousin taldeko Oier Yarza izan zen irabazlea eta Martinek laugarren amaitu zuen. 

Hurrengo bi probetan arantza kendu ahal izan zuen herritarrak lehen bi postuetan sailkatu zen; tenpon bigarren eta kanporaketan lehen.

Ez zen pistan lan ederra egiten ari zen bakarra, ordea; aipatu Diazekin lehia estua izan zuen herritarrak. Irungo taldeko kideak hirugarren postua eskuratu zuen scratchean, tenpon garaile izan zen eta kanporaketan bigarren.

Ondorioz, 112 puntu batu zituzten biek eta lehiaketako azken proba erabakigarria izango zen Gipuzkoako txapeldun maillota janzteko. Martin nagusi izan zen eta itzuliz itzuli 50 puntu irabazi zituen urrezko domina eta elastikoa eskuratzeko.

Apatu modura maila horretan Martinen taldekide Dario Gomez Blanco herritarra ere izan zen lehian. Gazteak guztira 13 puntu batu zituen eta hogeigarren postuan amaitu zuen txapelketa.

Onenak lehian

Otsailaren lehen egunean, aldiz, jazarpen eta keirin modalitateen txanda izan zen. 

Lehen jardunaldiko kirolari onenak sailkatu ziren horretarako eta Diazekin zuzeneko lehia izan zuen berriro Martinek lehen proban. Herritarrak eraman zuen saria, 02.25,00 denbora eginez; Diazek 02.30,00 egin zuen.

Eguneko bigarren proban, aldiz, Iruneseko Ibar Villafrancak eraso ederra egin eta ihesi eginda, bakarka iritsi zen keirineko helmugara. Bere atzetik Martin sartu zen.

Era honetara, era paregabean amaitu du pista denboraldia herritarrak; martxoan errepideko lehia hasiko du.