Inauterietako "gehiegikerien" amaiera irudikatzen duen ekimena

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 18a

1995. urteko sardinaren ehorzketako irudi bat, TXINTXARRI-ren artxibokoa.

Gaur egun ospatzen ditugun ekimen asko bezalaxe, jatorri erlijiosoa du sardinaren ehorzketak: Inauterietako egunetako "gehiegikeriak" sutan erretzea eta Garizuma garaia "garbi" hastea sinbolizatzen du; iraganeko bizio, bekatu eta bestelako gauza txarrak sutan garbitzen dituzte.

Noiz hasi ziren ospatzen? Teoria hedatuenen arabera, Karlos III.a Espainiako erregea zenean XVIII. mendean, Inauterien amaieran sardinak oparitu nahi zizkien herritarrei baina ustelak zeuden arrainak. Horren aurrean, Madrilgo Manzanares ibaiaren bazterrean lurperatu zituzten eta burla kutsuko prozesio bat egin zuten horraino. Urtez urte errepikatu zuten ohitura hori, jai bilakatu eta beste toki askotara hedatu zen arte, baita Lasarte-Oriara ere.

Gure herria 1986ko otsailaren 15ean izendatu zuten udalerri independente eta TXINTXARRI-k kontsultatu dituen iturrien arabera Inauteriak ospatzeko aurreneko egitarau bateratua hurrengo urtean aurkeztu zuen udalak. Horretan iragarri zuten sardinaren ehorzketa eta 1995era arte etenik gabe ospatu zuten. Ondoren, egiteari utzi eta 2023an berreskuratu zuten.