Su, txinparta eta errauts artean bukatu dira Inauteriak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2026ko otsailaren 17a

Sardinaren ehorzketak eta geroko zezensuzkoek itxi dituzte aurtengo ospakizun busti baina koloretsuak. Ia asteburu osoan ez bezala, eguraldia portatu da gaurkoan eta herritarrek bi eskuekin heldu ahal izan dituzte malkoak xukatzeko musuzapiak, aterkiak eta euritik babesteko bestelako tresnak etxean utzita. Aitziber Arrutik suspertu eta gidatutako ekimenak inoiz baino jarraitzaile gehiago izan ditu aurten eta ilara luzea osatu dute erdigunean barrena, Inauterietako gehiegikeriak lurperatu eta egunerokora itzultzea sinbolizatzen duen ekintzan. Arraina kiskali eta errauts bilakatu ondoren, LOZET elkartearen zezensuzkoek txinpartaz bete dute Kale Nagusia eta ez dira gutxi izan eurengandik ihesi lasterka ibili diren herritarrak.

Ekitaldi bata eta bestearen artean nahi izan dutenek txorizo egosi pintxo goxoak jan dituzte; Etxezarreta harategiko lagunek dozenaka banatu dituzte.