Partekatze automatikoa

Oihane Puertas Ramirez 2025ko urr. 17a, 07:30

Urria da, eta konturatzerako amaitu zaizkizu opor egunak. Uste baino azkarrago bueltatu zara ohiko errutinara eta ohartu gabe sartu zara astegunetan etengabe errepikatzen duzun gurpil horretan. Beti bezala daramazu mugikorra gainean, poltsikoan edo eskuartean, eta zer ordu den begiratzeko aitzakiarekin argiztatu duzu blokeatuta zegoen pantaila. Konturatu gabe, inertziaz sartu zara zure "konfiantzazko" sare sozialera.

Argazkiak, bideoak, testuak eta iragarkiak pasa eta pasa zabiltza. Tarteka ikusten duzu interesatzen zaizun zerbait, eta segundo batzuk gehiago geratzen zara bertan, pantailari begira, baina segituan jartzen da berriro ere martxan zure hatza, edukiak pasa eta pasa. Scroll-eatzen ari zaren horretan ikusi duzu norbait oporretan. Inbidia sorrarazi dizu, zu ere gustura egongo zinatekeelako han. Eta berriro ere scroll. Pantailari begira zaude, baina ezer ere ez ikusi gabe. Hamaika galdera, pentsamendu eta gogoeta etorri zaizkizu burura, eta zure hurrengo oporretarako helmugak zerrendatzen hasi zara. Ahal dela, urruti. Ahal dela, hondartzak eta mendiak dituena. Ahal dela, ur gardena. Ahal dela, argazkietan ondo geldituko dena.

Eta bitartean, scroll, errutinatik ihes egiteko. Bat-batean pentsatu duzu zure azkeneko oporretan. Han ere, scroll. Besteak non dauden ikusteko. Ezertxo ere ez galtzeko. Konektatuta egoteko. Zuk ere igo dituzu oporretako argazkiak, eta zu ere agertu zara besteen sare sozialetan, haiek edukiak pasa eta pasa ari ziren bitartean. Zuk ere erakutsi nahi izan duzu oporretan zaudela, gustura zaudela. Baina zure hatza pantailan egiten ari den mugimendua bezala, zuk ere inertziaz egin duzu partekatze ekintza hori. Ohitura bihurtu zaizu bidaia eta plan bakoitzeko argazkiak konpartitzea. Barneratuta daukazu, batak bestea ezinbestean ekarriko balu bezala.

Momentu labur batez itzuli zara oporretara, eta pentsatu duzu ez zarela egon ez han, ez hemen. Pantailaren beste aldetik ikusi dituzu paisaiak, ze e, argazkirik ez badago, ematen du ez zarela egon. Eta azkenean, zure begiek baino gehiago ikusi du zure telefonoko kamerak. Oporretako milaka irudi eta bideorekin itzuli zara etxera, ia denak bertikalean, noski, gero sareetara igotzeko aproposagoa izan dadin. Eta ja ez dakizu norentzat egiten duzun inertziaz egiten duzun hori guztia: besteentzat edo zuretzat.

Eta galdera hori buruan duzula blokeatu duzu mobileko pantaila, eta konturatu zara mugikorra esku artean izan duzun denboran argazki, bideo eta iragarki asko pasa direla zure begien aurretik, baina ez duzula nahi zenuena egin, hasiera-hasierako zalantza ez duzula argitu. Berriro argiztatu duzu pantaila, eta orain bai, so egin diozu erlojuari. Lanera itzultzeko ordua da.