Euren hirian, Donostian, bizitza proiektua egin nahi duten baina ezin duten herritar plataformako ordezkariak dira Oulad eta Uralde. Tamalez, egoera hori gero eta ezagunagoa zaie gero eta pertsona gehiagori, ez bakarrik hangoei, baita metropolietako udalerrietakoei (Lasarte-Orian, besteak beste) nahiz mundu osokoei ere, fenomeno globala baita turistifikazioa. Kontzeptu hori honela definitu dute BiziLagunEkin eragileko kideek: "Eredu sozial, kultural eta urbanistikoak turismoaren sektoreko negozioen mesedetan aldatzeko prozesua". Horretan ari dira buru-belarri eta eztabaida "irekia, gardena eta zintzoa" eratu nahi dute gizartean. Ariketa hori bera gauzatu zuten atzo Oriarte Landaberri institutuko musika gelan, ongi burutu ere, bertaratu zirenek luze eta zabal hitz egin zutelako, nola ez, borobilean.
Hitzaldiak, mobilizazioak eta bestelako ekimenak egiten dituzte plataformako kideek kontzientzia sortu eta herritarrak aktibatzeko. Aurten, esaterako, Hau ez da cheesecake bat fanzinea publikatu dute, "gure hiriak [Donostiak] sufritzen duen turistifikazioari buruzko kritika umoretsua". Arazo horrek "barregura eta negargura" eragiten die aldi berean, baina baita "antolatzeko, irauteko eta alternatibak pentsatzeko gogoa" ere. Ale batzuk banatu zituzten atzoko saioan eta edukiak patxadaz eta arretaz irakurtzera gonbidatu zituzten: azalpen testuak, komikiak, denborapasak... prestatu dituzte, denak ala denak gaiarekin lotura dutenak. Zenbait kolaboratzaileren laguntzarekin ondu dute agerkaria: beste batzuen artean aipatu dituzte Mikel Marrazki, Jone Bengoa, Exprai, Adur Larrea eta Ramon Agirre.
Ouladen eta Uralderen aburuz duela urte asko hasi ziren Donostia turistifikatzen eta azkenaldian "azkartu" egin dute prozesua, batez ere, 2016an Donostia Kultura egitasmoa burutu zutenetik. "Pandemia garaian moteldu egin zuten abiadura, baina, ostean, galdutako guztia konpentsatzeko, are azkarrago berrekin zioten". Horri lotuta, azpimarratu dute ez dela "bat-bateko fenomenoa", eredu horretatik onura ekonomikoa ateratzen dutenek planifikatutakoa baizik. Horren aurrean, desazkunde turistikoa sustatzearen alde irmo ari dira, badakitelako donostiar gehienak (hamarretik zazpi) horren alde daudela.
Lasarte-Oria ere, turistifikatuta?
BiziLagunEkin plataformako kideak jakitun dira turistifikazioak ez diola Donostiari soilik eragiten eta metropolietako herrietara ere hedatzen ari dela. Datu interesgarri batzuk erakutsi zituzten, eurak soilik ez, saiora joandakoak ere harritu zituztenak. INE estatistika zentroan, saltseatzera gonbidatu zituzten bertaratutakoak. TXINTXARRI-kook egin dugu azterketatxoa eta hauxe izan da jaso duguna:
Grafiko interaktiboan ikus dezakezuenez, INE estatistika zentroaren datu berrienen (iazko martxokoak) arabera, udalerrian legezko 25 pisu turistiko daude eta 107 toki dituzte. Hamahiru eremutan banatutako datuak ematen ditu eragile horrek eta mota horretako etxebizitza gehienak dituena Zabaleta da; orotara, hamabi. Bizitoki horietako bakoitzak duen espazioari dagokionez, batez besteko altuena duena Oztaran da, sei bakoitzeko.
Solasaldi irekiarekin amaitu zuten atzoko saioa eta Lasarte-Oria turistifikatuta dagoen ala ez hausnartzeko gai ugari jorratu zituzten: bizilagunak kanpora joan behar izaten ari diren ala ez; komunitateen arteko loturak eta herri bizitza ahuldu ote diren; merkataritza aldatu den; bizilagunen beharrak asetzerakoan utzikeria eta inbertsio falta nabaritzen ote dituzten, eta abar. Horrez gain, perspektiba aldatu eta turistak gu geu garenean egiten dugunaz eta kontsumitzen dugunaz gogoetatu zuten: "Beste eredu bat sortu bitartean gure kontraesanekin bizi behar dugu. Utopikoa ez da aldatzea, gaur egun bezala jarraitzea baizik".
Hurrengoan, adimen artifiziala
Borobilean Elkarteko kideek jakinarazi dute otsaila bukatu aurretik beste saio bat egingo dutela. Hilaren 25ean adimen artifiziala jorratuko dute informatikaria eta datu segurtasunean aditua den Beñat Iriondo lasarteoriatarrarekin.
2023ko urrian abiatu zuten egitasmoa zenbait herritarrek, herritarren ahotan bolo-bolo dabiltzan gaiak elkarrekin eta borobilean jorratzeko helburuarekin. Makina bat hitzaldi interesgarri eta aberasgarri egin dituzte ordutik.
