Solasaldiro egiten duten moduan, adituak gonbidatu zituzten borobilera. Mugimendu horretan militatzen ari diren Marti Serra, Euskal Herrian zazpi urte daramatzan balearra eta Garazi Alkorta lasarteoriatarra gonbidatu zituzten. Aurrenekoak La formación del movimiento ecologista en Euskadi. Movilizaciones, debates y experiencias personales (1972-1989) tesi liburua aurkeztu zuen eta bigarrenak Jauzi Ekosoziala eragileari buruzko azalpenak eman zituen.
Mallorcako eta Euskal Herriko mugimendu ekologisten sorrera eta bilakaera alderatu ditu Serrak lan horretan. Batez ere, hemengoari buruzko zertzeladak partekatu zituen bertaratutakoekin. 70. hamarkada hasieratik 80. hamarkada bukaerara gertatutakoa jorratu du adituak eta bi mugarri nabarmendu zituen hitzaldian: 1972ko Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntzaren hasiera eta Estokolmoko konferentzia, batetik; eta 1989ko Klima Aldaketaren Gobernu Arteko Taldearen sorkuntza eta euskal ekologismoaren batasun saiakerak, Eguzki eragilea sortuta. Barruko desadostasun politikoak tarteko, banandu eta Ekhi sortu zuten zenbait kidek.
Hamarkadaz hamarkada eboluzionatzen jarraitu du mugimendu ekologistak eta are esparru gehiago barnebildu ditu, besteak beste, soziala. Testuinguru horretan eratu zuten Jauzi Ekosoziala duela urte batzuk (gure herrian iaz egin zuten aurkezpen ekitaldia). Bertako aktibista dira Serra eta Alkorta. Azken horrek azaldu zuen zein den helburua: "Denontzat etorkizun desiragarria eta bizigarria izateko trantsizio justua nahi dugu. Horretarako, ekologiak kezka sozialen erdigunean jarri eta pausu errealak ematen ari gara".
Xedearen berri ematearekin batera martxan dituzten ekintza eta dinamikak aletu zituen: kontsumo eredua zalantzan jartzeko, turismo eredu masifikatua salatzeko, industriaren deskarbonizazioa sustatzeko... Borobileanek antolatutako beste saio asko eta askotako hizlariek esan dutenez, gakoa txikitik eragitea da, mundu osoan eragiteko.
Adituen hitzartzeen ostean, eztabaida ireki eta ekarpen interesgarriak egin zituzten Oriarte Landaberrira bertaratutakoek. Esate baterako, Lasarte-Orian ekologismoak egin duen lana eta Teresategiko industrialdearen egitasmoa edota Leitzarango autobiaren proiektuak geraraztea lortu izana. Bien bitartean, atzoko eguneko albiste nabarmenenetako bat izan zen Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera utzi izana. "Erabaki hori gogotik ospatzeko motiboak ditugu", adierazi zuen Serrak.
