Txillarre baserriko sukaldetik, Antonio Mercero aretora

Iñigo Gonzalez Sarobe 2026ko urtarrilaren 9a

'Txillarreko sukaldaria' dokumentalaren emanaldiarekin eta osteko solasaldiarekin ekin diote urteari Borobilean Elkarteko lagunek. Ikus-entzunezko horren protagonista Pello Rubio eta egile Edurne San Martin eta Asier Ibaibarriaga gonbidatu dituzte Antonio Mercero gunera. Herritarrek ez dute Euskal Herriko politikagintzaren historiako mugarrietako bat ezagutzeko aukera galdu eta lepo bete dute aretoa. Horrelakoetan ohikoa den moduan, hitza hartu eta parean zituzten hiruekin hitz egiteko tartea hartu dute.

Pello Rubiok bere baserri kuttunean makina bat aldiz prestatutako otorduek bezalaxe, atzoko solasaldiko menuak orotariko osagaiak izan zituen: irudiak, hitzak, analisia, umorea, kritika, aldarrikapena, bizipoza eta, batez ere, bai sukaldean bai beste edonon ezinbestekoa izan ohi den goxotasuna. Txillarre baserriko tximinia piztu eta Antonio Mercero aretora bertaratutako guztiak etxabe horretako egongelan elkartu izan balira bezala.

Txillarreko egongelan makina bat aldiz elkartu ziren ikuspuntu politiko desberdinak baina gatazkari konponbidea emateko helburu berbera zuten pertsonak. Paco Egea eta Jesus Egiguren sozialistak (PSE-EE) eta Ezker Abertzaleko ordezkari Arnaldo Otegi, horiek izan ziren Rubiok mahaiaren bueltan, berak otordua prestatu bitartean batzuek eta besteak hizketan has zitezen, batzuengan eta besteengan mina eta sufrimendua eragiten ari zen gatazka konpontzen saiatze aldera. Plateretara eramaten zituen jakiak bezalatsu, euren arteko giroa su txikitan kozinatu zuen Elgoibarren bizi den zumaiarrak. Hori horrela izan zedin, aurreneko topaketetan protagonismo gehiago hartu zuen, eta, hizlarien arteko harremana sendotu ahala beste zeregin batzuetan jarri zuen arreta: "Sukaldaria, telefonista, enkarguak egiten zituena, txoferra... Behar zuten guztirako izan ninduten". 1999an hasi ziren aurreneko urteetan "erabat klandestinoa" (hala behar zuen ezinbestean, antolatzaileak atzo azaldu zuenez) izan zen ekimenarekin. 

Bi hamarkada pasatxo geroago izan zuen Rubioren bizipenen berri Edurne San Martinek, Arrateko festetan. Istorio horrek kontatua izan behar zuela-eta, kostata baina konbentzitu zuen Txillarre baserriaren jabea eta lanean hasi ziren. Ikus-entzunezkoaren eta elkarrizketa formatuko liburuaren proiektura Asier Ibaibarriaga batu zen eta hiruen artean ondu zuten atzo Antonio Mercero aretoan erakutsi zuten lana. Txillarreko bilera horien sorrera eta bilakaera jorratu dituzte, bai eta jabearen ibilbidea zein herritik landa eremura bizitzera joateko erabakia.

Borobilean Elkarteko kide Joxe Mari Agirretxek aurkeztu zituen hiru gonbidatuak eta sarreratxo baten ostean, Txilllarreko sukaldaria dokumentala proiektatu zuten, ordubetekoa. Hiru ordu eta erdiko elkarrizketa bateko materiala laburtu eta gaur egungo nahiz iraganeko irudiekin josi dute San Martinek eta Ibaibarriagak, Rubiori berari kontakizunaren pisua emanda. 

Ikus-entzunezkoa amaitutakoan, aretoko argiekin batera piztu zuten Txillarreko tximinia eta gustura aritu ziren solasean batzuk eta besteak, goxo eta borobilean. Tarte horren hasieran gonbidatuek hartu zuten hitza zenbait azalpen emateko, eta, gero, elkarren arteko giroa berotu zenean (horretan asko lagundu zuten Rubioren gogoeta eta ateraldiek), ikus-entzuleak galderak eta ekarpenak egitera animatu ziren. 

Atzo gurean egin zuten bezalaxe, otsail amaierara arte herriz herri ibiliko dira Txillarre baserria eta bertan su txikitan egositakoa erakusten. 50 bat emanaldi lotuta dituzte.

Erlazionatuak

Txikitik eragingo dute borobil inperfektuan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025 aza 28 Gizartea