Piztear dute Euskal Inauterien sugarra

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 11

Kaxkamalo txantxoa erreta amaituko dituzte Euskal Inauteriak.

Ostiralekoa egun handia izango da lasarteoriatarrontzat, Euskal Inauteriak ospatuko ditugu. Jadanik ikusi dugu hartza basotik ibiltzen. Horrek esan nahi du atera dela bere lozorrotik eta badatorrela udaberria; uste genuena baino motzagoa izango da udaberria. Edonola ere, Ama Lurra ez da erabat esnatu oraindik. Hortaz, bera iratzartzeko garaia da, izadia loratzeko eta gure landasoroak emankorrak izateko. Hori ospatuko dute, bai, baina baita oparotasun hori mehatxupean ez jartzeko berrituko duten ituna, Kandelaria eguna (otsailak 2) pasata gizaki itxura hartuta herriratuko diren txantxo, momozorro, karramarro, surrandi, ziripot, zaldiko, trapuzahar, kaskabobo eta bestelako izakiekin. Mozorroak dira horiek guztiak.

Aurtengo uzta ona izateko eta zorigaiztoko gertakaririk ez izateko, mozorroei hauxe ordainduko diegu, ituna hautsi ez dezaten: ehun urrezko dukatu; 50na kilo odolki eta lukainka; 30na kilo gari, arto eta sagar; hogei ardo kupel; eta hiru sagardo barrika. Akordioa erdietsita, gizakiek eta mozorroek elkarrekin dantzatuko dute eta, bide batez, Ama Lurra esnatzen saiatuko dira.

Itunak itun eta akordioak akordio, izan da bere hitza hautsi eta zigortua izateko moduko kaltea eragin duenik Lasarte-Orian: Kaxkamalo. Adostutakoak erabateko balioa izan dezan, honakoa eskatuko diegu gizakiok mozorroei: txantxo gaizto hori sutan erretzea. Izaki hori errauts bilakatu arte kiskaltzea izango da bi aldeen arteko bakea zigilatuko duena, urtebetez.

David Egizabal herritarraren bitartez eskuratu du TXINTXARRI-k aurreko paragrafoetan kontatutako istorioa biltzen duen material guztia. Beraren eta Euskal Inauteriak antolatzen dituzten gainerako eragileen (Ttakun Kultur Elkartea, Lasarte-Oriako Udala, Plaza Dantza, herriko ikastetxeak...) asmoa eta gogoa honakoa da: festa horri buruzko gogoa, interesa eta jakin-mina piztea herritarrengan. Herriko ikastetxe bakoitzeko partaideek ospakizuna egokitu eta gauzatuko dute hilaren 13an, bazkalostean. Ondoren, 16:45etik aurrera txokolate goxoa eta jolasak izango dituzte ekimenarekin jarraitzeko. 17:30ean, helduak batuko dira eta erromeria egingo dute. Azkenik, 19:00etan, Kaxkamalo erreko dute. Jarduera horiek guztiak Okendo plazan egingo dituzte; eguraldi txarra egitekotan, Oriarte Landaberri institutura joango dira.

Ipuin bat, bi trama

Euskal Inauteriez gozatzera joaten diren herritarrak kokatze aldera, Egizabalek azaldu du bi trama uztartzen dituen ipuina eratu zuela Juan Luis Eizmendi zenarekin batera. Batetik, eguzkiaren eta ilargiaren arteko eztabaida jaso dute, eta bestetik, basoko izaki bizidunen eta gizakien arteko hitzarmena. Kontakizun hori ontzerakoan bi iturritatik edan zuten: Juan Antonio Urbeltz etnomusikologoaren ikerketatik eta Garaikoetxea-Landaberriko musika irakasle izan zen Ion Lasak idatzitako ipuin batetik. Polita iruditu zitzaien biak uztartzea eta forma berezi hori ematea. Hori esanda, azpimarratu du garrantzitsuena gaia lantzea dela, ez Egizabalek eta Eizmendik sortutakoa hasi eta buka errespetatzea.

Ospakizun tradizional horrek jarraipena izan dezan eta belaunaldi berrietako kideengana irits dadin, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan (3. mailatik 6.era arte) ikasten ari diren estudianteen ikuspuntura neurriratu du kontakizuna Egizabalek. Horrez gain, gogorarazi du Garaikoetxea eraikinean (Haur Hezkuntza osoa eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. ikasmailak) hiru hamarkada baino gehiago daramatzatela Euskal Inauteriak euren modura jorratzen.

Aurrekari gisa, tailerra

Euskal Inauteriak ospatzeko txantxo jantziak prestatu nahi dituzten herritarrentzako tailerra antolatu dute Ttakun Kultur Elkarteak eta udalak. Gaur bertan egingo dute, osasun zentroaren eraikinean dagoen erabilera anitzeko gelan (bigarren solairuan), 18:00etatik aurrera. Umeek nahiz helduek parte har dezaketela zehaztu dute antolatzaileek. Izen ematea bi egun lehenago zabalduko dutela aurreratu dute eta bi bide izango dituztela horretarako: 695 78 53 89 telefono zenbakira deitzea edo kultura@ttakun.eus helbide elektronikora mezua idaztea.