Unea

Gorka Lasa 2025ko urr. 3a, 07:30

Mahasti ondotik noa bidean, pauso motelean itsaslabarretik gertu. Urri hasiera da, udara pasa da dagoeneko eta eguna mozten, itzala luzatzen, basoak gorritzen eta natura moteltzen hasiak dira.

Uda-giro eder berotik bat-batean udazkenera igaro gara, oharkabean, egun goibel eta freskoetara. Egoera berrira ohitzeko betarik gabe, presa izango balu bezala, protagonismo bila.

Bide ertzean mahats ondu mordoa zintzilik, bere gozotasunean oparo, lehertzeko zorian eta barruko zukua tolarean isurtzeko prest, biltzeko zain.

Mendi muinora igo eta, zerura begiratu dut, urrunera, itsasoak eta zeruak bat egiten duten hartara, eta laino ilunak datoz mehatxuka, itsusi, erasokor. Amildegia dut hankapean, labanaz moztua bezala zuzen, goitik behera, non olatuek harkaitzak jotzen eta zigortzen dituzten bortitz. Zenbat ekaitz eta enbatak erasotuak, baina hantxe mendez mende aurre eginez, mugiezin, iraunkor, apar txuri artean irudi bereziak sortuz.

Kresal usainez lurrundua, itsas kolpe bakoitzeko sorturiko lanbro mehe gaziak lausotzen du ingurua, ukitu mistiko eta misteriotsua emanez. Natura bere baitan, gordin, edertasun eta mehatxu, orekaren zelatan, barearen isiltasunaren eta burrunbaren artean harrapatua, iltzatua.

Une magikoa da, paregabea, deskribaezina, non ez dagoen une hau betikotuko duen gailurik, ez aplikaziorik, ez adimen artifizialik. Norberaren zentzuek baizik sentitu, gozatu eta barneratu dezakete une miresgarri hau.

Erlazionatuak

Merezi ote?

Gorka Lasa ots 14 Iritzia