Venezuelaz eta Trumpez idaztea otu zait lehenik, urte berriari erreferentzia egitea jarraian, joan denaz hausnartzea gero, baina asmatu ezinik nabil; eskuz idazten ariko banintz, hamaika orri berrerabili zimurtu eta zaborretara botata izango nituzke honezkero. Beti baitago zer aldatu, zer hobetu, zer borrokatu, zer hausnartu, baina zaila izaten da maiz paper gainean zer eta nola islatu erabakitzea.
Burua altxa dut infusioa irensteko eta begira geratu natzaio lagun min batek urtebetetze egunean oparitu zidan argazkiari: Pirinioak atzean eta biak irrifartsu kamarari begira. Eta pentsatzen hasi naiz ez ote dudan, aldatu nahi nukeenaz baino, mantendu nahiko nukeenaz hitz egin behar. Indarra, goxotasuna eta lur hartzeko leku bat behar baita bizirauteko.
Nik amona eta aitonaren etxean bazkaltzen jarraitu nahi dut astero, lagunekin barruak hustu eta betetzen, elkar zaintzen, zurekin esnatzen, kirola egiten, niretzako tarteak hartzen, irakurtzen, deskantsatzen, bidaiatzen, jolasten, sortzen...
Ez dakit zer dakarren 2026ak baina jarraitu dezatela gauza batzuek dauden bezala, mundua hankaz gora dagoen honetan, bizirauten jarrai dezadan.
Eta zuk? Zeri eutsi nahi diozu?