Beldurra

Lierni Rekondo 2025ko urr. 31a, 07:00

Ez dut sekula Gau Beltza ospatu, Halloween ingeleseko klaseetan besterik ez. Baina geroz eta gehiago dira kalean herioz, banpiroz eta bestelako izaki beldurgarriez mozorrotuta ikusten ditugun haurrak. Beldurrak agerian uzten dituen iluntzea omen da urriaren hogeita hamaikakoa, hildakoei gorazarre egiteko eguna azaroaren bata. Heriotzari bizitzak: harriak, hegalak eta argazkiak.  Bizitzari heriotzak: itzalak, argiak eta lore sortak. Ezer ez da debalde.

Niri beldur handia ematen didate gelako sabai eta paretaren arteko anguloetan ageri zaizkidan armiarma iletsuek. Beldurra ematen dit bizikletan noala aldapak jaisteak eta lan egunetan lo gelditzeak.

Maite ditudan horien heriotza posibleak ikaratzen nau. Gertukoak zaintzen ez jakiteak edo behar bezain beste ez zaintzeak. Gauza guztietara iritsi ezinak, antsietateak, nahikoa ez izateak… Jendea nire heldutasuna performatzen dudala ohartzeak ikaratzen nau.

Munduak izutzen nau. Gazan berrogeita bost mila hildakotik gora izateak eta norbanakoak zenbakien atzean gizagabetzeko dagoen erraztasunak. Eskuin muturraren gorakadak, geroz eta leku handiagoa hartzen duten eraso matxista, homofobo eta transfoboek. Eskola jazarpenagatik bere buruaz beste egin duten haur eta gazteen kasuek. Coach misogino eta kapazitistek.

Ez dut gaur iluntzean kale bazter batean topatu dezakedan mamuaren beldurrik, egunero agertzen baitira, kaleetan, sare sozialetan, egunkarietan eta ene baitan. 

Erlazionatuak

Begiratzen ikastea

Lierni Rekondo eka 20 Iritzia