Gazan, ordea, iraila beste modu batean idazten da. Han, eskola ez da beti ikasteko toki bat, baizik eta suntsiketaren aurkako aterpe inprobisatu bat. "Eskolan ikasi beharrean, han bizitzera behartu gaituzte. Maleta daramagu eskolara ohiko motxilaren baten ordez", kontatzen du haur palestinar batek. Esaldi xume baina lazgarri horrek haurtzaroa goizegi heldu beharrean aurkitzen den gizarte bat erakusten du.
Datuen arabera, NBEk antolatutako eskoletan, Zisjordanian, 30.000 haur errefuxiatu palestinarrek ikasturte berria hasi duten bitartean, gero eta gehiago dira bertan itzaltzen doazen eskolak, gero eta gehiago hezkuntzarako eskubidea galtzen ari diren haurrak. Haientzat, arbelak hautsez zikinduta daude, mahaiak ohe bihurtu dira eta jolasorduak sirenen arteko atseden laburrak besterik ez dira. Eskolak jolaserako lekua izatetik teilatu, horma eta itxaropen hauskor bihurtu dira.
Egoera horretan, hezkuntza erresistentzia bilakatzen da. Irakasleek klaseak inprobisatzen dituzte koltxoien eta pitzatutako hormen artean; haurrek paperezko orri zimurtuetan marrazten dute amesten duten baina, ukatua zaien bizitza. Koaderno bat irekitzea, arkatz bat eskuetan hartzea, iluntasunaren aurkako erronka bihurtzen da.
Gazan, iraila ez dator haur irribarretsuen argazkiekin ez eta koloretako karpetekin. Bizirauteko ikastea dela jakitun etortzen da; koaderno batean idatzitako hitz bakoitza duintasun keinua dela sinesteko beharrez. Horregatik, martxan jarraitzen duten eskola gutxi horiek, zaurituta bada ere, etorkizuna eraikitzen tematzen diren ahotsez betetzen dira.
Guretzat, eskolara itzultzea errutinara bueltatzea izan daiteke. Gazako haur eta neskatilentzat, ordea, askoz gehiago da: hondamendien artean ume izateko oinarrizko eskubidea aldarrikatzea.