Nazka-nazka eginda. Aspertuta. Gogaituta. Irentsi ezinda. Horrela sentiarazten naute gure hizkuntzak egunerokoan jasaten dituen erasoek. Higuingarriak, deitoragarriak, botagurea sortzerainokoak dira azkenaldian, ez azken urteetan, ez; azken hamarkadetan; ezta ere. Betidanik, bai, betidanik euskarak eta euskal hiztunok pairatu behar izan ditugunak baina hau ez da ezer berria. Azkenaldian ordea, guk geuk, barrutik sortzen ditugu gurearekiko aurkaritza kanpainak, mespretxuak eta biraoak.
Garai batean, Nafarroa garaiko presidente baten hitzak eta ekintzak salatzen hasi ginen, gaur egun administraritza orotan normalizatu den prozedura ohikoetara iritsi gara. Ez omen da euskara, ingelesaren pare jarri behar. Gaztelaniak izan behar omen du oinarrizko hizkuntza gure herrian eta euskara gehigarri, askotan exotikoa izango balitz bezala tratatzen hasiak gara jada hainbat eremutan. Tartean, gure herriko elite ekonomikoak agertzen dira jo ta su hizkuntzaren aurkakoak etengabe azaleratzen. Elite hauek, hizkuntzaren normalkuntza eredu beharko luketenak, azalean behinik behin, errealitate gordinean euskara etengabe gutxiesten baitute, ez dute inongo esfortzurik egiten hori bermatzeko eta oraindik larriagoa dena, publikoki euskara hutsaren pare uzteko hitzak plazaratzen dituzte komunikabideetan inongo lotsarik gabe, azken egunotan banketxe batetako arduradun nagusi batek egin duen moduan. Hitzetaz haratago, ekintzetara ere etengabe joz. Eliteak ez dira euskararen lagunak. Langileak eta bezeroak erakartze aldera hizkuntza erabili, kudeatu eta ondoren trapu zikin baten moduan zaborretara botatzen dute erabilera bakarreko tresna bat izango balitz bezala.
Gaizki gabiltza azkenaldian, herria ohartzen ari da, esnatzen, baina olagarroak tentakulu luzeak dauzka eta dena oso ongi lotuta ageri da goi esferetan.” Zer egingo diogu ba”, esaten dugun bitartean, eurak gure hizkuntza odolusten ari dira, utzikeriaren eta axolagabekeriaren bidea jorratuz. Momentuz hizkuntza herri xehearen ahotara mugatu nahian dabiltza, gero eta espazio txikiagoetara mugatuz, murriztuz. Hurrengoa, familia eta lagunarteko bihurtaraztea izango da. Garai latzak datoz eta ez, ez zait iruditzen dramatizatzen ari naizenik. “Herriak salba dezake herria” esaldiak, kasu honetan, botere bikoitza hartzen duelakoan nago. Erabilera da hizkuntza batek indartzeko duen armarik boteretsuena. Ez dakienari irakasten, arrotza egiten zaionari erakargarri egiten eta kasu batzuetan hainbat eremutan beharra ikustarazteko ariketa horretan saiatzen ere bidea luzea daukagu. Batzuek ezkutatu nahi dutena erakusteko ordua iritsi da. Ez gaitzatela itsutu, ez gaitzatela bereziki isildu.
Erabili, bizi, irakatsi, landu, gozatu eta partekatu dezagun guztiona dena. EUSKARA.