Vespa eta Lambretta marketako motorren zaleei ez zaie gasolina depositoa hustu, atzo bertan ibilgailu klasikoen topaketan parte hartuta ere. Jakinarazi dutenez, "sekulakoa" izan zen eguna eta espero baino gidari gehiagok parte hartu zuten: 80 autoren eta hamazazpi motorren jabeek, hain zuzen ere.
Horrelako ekimenen ostean ohikoena atseden hartzea bada ere, Scooter Club Euskadi elkarteko kideek festa eta ospakizun gogoz segitzen dute. Ez da gutxiagorako, aurten bete baitira 25 urte topaketak antolatzen hasi zirenetik (2015etik aurrerakoak gure herrian egin dituzte). Ekainean asteburu oso bat hartu zuten elkartu eta disfrutatzeko, Merkadillo Brocante ekimena antolatu zuten aurrenekoz, Gipuzkoari itzulia emateko ibilbide batzuk egin dituzte... Larunbat honetako itxiera festak emango duenaren faltan, eragile horretako lehendakari Isa Lopez herritarra "pozarren" dago aurten burututako guztiarekin. "Parte hartzea espero genuena baino hobea izaten ari da eta oso pozik gaude", nabarmendu du formatu txikiko rallya aurkezteko agerraldian.
Musika, oinarri
Lopezek jakinarazi du Scooter Club Euskadi elkartearen arima motorrekiko zaletasunaz harago doala eta musika dela oinarrietako bat. Horregatik, larunbat honetan biniloekin saio berezia egingo dute rallyetan parte hartu duten DJek. 12:30ean izango da hori, baina lehenago ekingo diote egunari. 09:30etik 10:30era partaideei harrera egingo diete Okendo plazan eta ordu erdi geroago ibilbidea egingo dute herrian barrena. Esan bezala, bermutaren orduan zuzeneko musikaz gozatuko dute parte hartzaileek eta herri bazkaria egingo dute Okendo plazan, 15:00etan. Horren aurretik, sariak banatuko dituzte.
Bazkalostean jokoak antolatuko dituzte helduentzat nahiz haurrentzat, 17:00etatik 18:00etara, etxeko txikienek motorren mundua eta barnebiltzen duen guztia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten.
Udalarekin lankidetzan
Scooter Club Euskadiko lehendakariak alboan izan ditu Agustin Valdivia alkatea eta udaleko Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonso. Biek ala biek nabarmendu dute eragile horrekin duten lankidetza hitzarmena: "Beraiei esker, larunbat honetarako beste jarduera interesgarri bat izango dugu herrian". Alonsok zehaztu du 6.000 euroko akordioa dutela eta horrek lagunduko duela rallya antolatzeak ekarriko dituen gastuen "zati handi bat" estaltzea.
Argazkia atera eta elkar agurtu aurretik, Ventanas Alcar dendaren erakusleiho dotorearen bueltan elkartu direnek lasarteoriatarrak gonbidatu dituzte rallyan parte hartzera.