Lehen egunetan hiri inguruan ibili ginen, jende andanaren artean hara eta hona. Ez zen erraza ezer ikustea hauts artean, garrasiak, sirena hotsak, sarraskia, anabasa. Jendez uholde ziren errepideetan aurrera, norabiderik gabe, burumakur, oinutsik, zotin eta malko, etxea begi bistatik galdu arte, ihesi.
Ez dut ezer jaten, ez gose ez naizelako, zer janik ez dugulako baizik. Jan apur bat lortzeko ilara arriskutsuagoa bilakatu baita, armak hartzea baino.
Ez dago logela bat non atseden hartu, ohe bat non etzan eta amets egin. Eta nekatuta nago, oso. Baina aurrera egin behar da, beti aurrera, nora ez badakigu ere.
Soinean daukadana besterik ez dut: kamiseta bat, berria jantzi nuena korrika ihesi atera ginenean, baina orain erabat zikin eta zuloz beterik dagoena. Eta praka urdin batzuk edo, hauek ere urraturik belaun buruak agerian ditudalarik.
Gerrak dena lapurtu dit. Ez etxea bakarrik, liburuak, jostailuak, lagunak, etxe azpiko parkeko txirristak, baina batez ere haurtzaroa. Ez noa eskolara, ez dut beste haurrekin jolasten, ez dut irri egiten, ez naiz haurtzaroan bizi, ihesian bizi naiz.
Gaua da gogorrena, luzea, latza. Ilunpetan erraz ikusi ohi ditugu, su artifizialak lez, gure ametsak zapuztu eta suntsitzen dituzten misilak, argitsu eta txistuka, misil bat gehiago, amets bat gutxiago.
Ez da erraza amets egitea, baina leihotik sartzen den haizea entzuten dut, amonaren barreak sukaldean, aita kantuan dabilela, eta anaia txikiaren irri hura jostailuak ezkutatzen. Baina amaren negarrak esnatzen nau, etsita, hautsita, bai hautsita, inguruko guztia bezala.
Egia esan, gauza gutxi geratzen zaizkit barruan osorik. Ez dakit nora goazen. Ez dakit noiz itzuliko garen edo itzuliko garen. Ez dakit berriz ohe bat izango dudan, eskola bat, edo, noiz ogi zatiren bat ahora eramateko.
Dakidana da zer dudan; soinean daramadana bakarrik. Ez du pisu handirik baina bai karga sakona. Etxea, familia, beldurra, maitasuna, gorrotoa, ausardia eta barru-barruan nire herri txikiaren izena ahaztu gabe: PALESTINA.
Askorentzat ikasturtea amaitu da, opor giroa hasi eta jai eta festaz gozatzeko unea. Herri eta hiri askotan txupinazoa botako da jaiei hasiera emateko. Nik gerraren amaiera adierazten duten suziriak nahiago nituzkeen arren. Gozatu ditzagun geureak, ospatu eta amets egin ezin dutenak ahaztu gabe.