Istiluak eragin ditu VOXen etorrerak

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 7a

Lasarte-Oriara etorri dira gaur arratsaldean VOX alderdi ultraeskuindarreko kideak, Okendo plazara, Ertzaintzak eskoltatuta. Bazkalostetik parean izan dituzte ekintza horri "erantzun antifaxista" eman dioten manifestariak. 20:00ak jotzear zirela, enparantza erdian jarritako karpa jasotzen ari zirenean, tentsioa areagotu egin da, polizia eta manifestariak elkarren aurka oldartu eta ertzainek kargatzeraino. Horrek eragindako zauriengatik, pertsona bat gutxienez anbulantzian eraman behar izan dute.

Atzo zabaldu zuten deialdia VOXekoek: "Informazio mahai bat" jartzera zetozela gaur Okendo plazara, 17:00etatik 20:00etara. Gune horretan, dena den, arratsalde osoan ez dute atera eskuorririk, programarik edo iragarritakoa egitera zetozela frogatzen zuen beste dokumenturik. Kolore berdeko mahaia hutsik egon da. Zertara etorri dira, beraz? 

Bazkalostetik parean izan dituzte manifestariak. Bi deialdi zabaldu dituzte herrian, aurrenekoa, 16:30ean. Okendo plazan elkartu dira dozenaka lagun eta hasi dira "Alde hemendik, utzi bakean!" edota "poliziarik gabe ez zarete ezer" bezalako aldarriak oihukatzen. Minutu gutxira hasi dira karpa muntatzen VOXekoak, eta manifestarietako bat eurak grabatzera gerturatu da. Ultraeskuindarrek gailu hori hartu eta lurrera jaurti dute. Minutu gutxitara, poliziek postua inguratu eta gero, petardo bat jaurti dute. 

Istilu horien ostean, bakoitza bere lekura itzuli da: VOXekoak karpara, ertzainak eurak eskoltatzera eta manifestariak protesta egiten jarraitzera, horrelako ekintzei "erantzun antifaxista" eman behar zaiela sinetsita.

Bigarren mobilizazioa

Erantzuna emateko asmoz elkartu dira baita ere 70 bat lagun Elizatze plazan, 18:00etan, manifestazioari ekiteko. Elkartu, ikur antifaxistak hartu eta erdigunean barrena mobilizatu dira aurrena, Sagardotegi kalean komunikatu bat irakurtzeko gero. 

Ilundu du, euria hasi du baina Okendora bertaratutako manifestariak ez dira mugitu. Ertzainek errefortzuak eskatu eta agente gehiago etorri dira Okendo plazara; txistu artean hartu dituzte protesta egiten ari zirenek. 20:00ak jo aurretik zenbait maniobra egin dituzte, atzera eta aurrera, eta VOXekoak karpa jasotzen hasi direnerako posizioan jarri dira.

Alderdi ultraeskuindarraren ordezkariak jasotzen hasi direnean, tentsioa areagotu egin da eta ozenago oihuka eta irainka hasi dira manifestariak, urrats batzuk aurrera egitearekin batera (karpatik metro batzuetara, oraindik ere). Horren aurrean, zenbait agente oldartu egin dira eta borrakadaka eta ostikoka hasi dira. Zenbait manifestarik petardoak eta kristalezko botilak jaurtita erantzun dute, eta ertzainak tiroka hasi dira, salbak jaurtitzen, jendea sakabanatzeko.

Horiek izan dira tentsio gehieneko uneak. Ertzainek kargatu egin dute gazte, heldu nahiz adinekoen kontra, plazatik hasi eta Tiburtzio Artizar tabernaraino. Bertatik joateko oihukatzen hasi dira manifestariak. Beste batzuk, berriz, giroa baretu nahian, batzuei zein besteei geratu eta atzera egiteko eskatzen.. Ez da hori berehalakoan gertatu, baina minutu batzuetara atzera egin dute ertzainek, metroz metro, protesta egiten ari zirenek bertatik alde egiteko oihukatzen jarraitu duten bitartean.

Azkenean, ibilgailuetaraino atzera egin eta joan egin dira ertzainak, baita manifestariak ere. VOXekoak herritik urrun zeuden hori gertatu denerako. Eta bitartean, istiluetako zauriengatik, pertsona bat gutxienez anbulantzian eraman dute, Berria egunkariak jakinarazi duenez.