"Herrien eta herritarren eskubide eta askatasunen aurkako agenda atzerakoiek ez dute tokirik Lasarte-Orian"

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 7a

Lasarte-Oriako korporazioko bost udal taldeetatik lauk (guztiek, PPk izan ezik) adierazpen instituzionala onartu eta zabaldu dute, gaur arratsaldean VOXek egingo duen agerraldiari erantzuteko. Lasarteoriatarrak deitu dituzte "probokazioetan sartu gabe, agenda atzerakoia ezarri nahi duten horiek baztertzera eta gure udalerrian duten babes falta agerian uztera".

Hauxe da PSE-EEk, EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek onartu duten adierazpena:

"Lasarte-Oriako Udaleko PSE-EE, EH Bildu, EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemos udal taldeek honako adierazpen bateratua egin nahi dugu publiko: 

1. Demokraziaren defentsa lehentasunezko egin beharra da. Horregatik, herritar ororen zein herrien eskubide eta askatasunen aurkako agenda atzerakoiek ez dute lekurik gure herrian.
2. Mundu mailan, izaera atzerakoia duten hainbat talde politiko indarra hartzen ari dira eta iraganera itzularazi nahi gaituzte. Horren aurrean, udal honek, etorkizunari begiratzen dio. Komunitatearen kohesioan eta bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna dugularik helburu.
3. Herritar guztiei dei egiten diegu probokazioetan sartu gabe, agenda atzerakoia ezarri nahi duten horiek baztertzera eta gure udalerrian duten babes falta agerian uztera.
4. Bide luzea egin dugu eskubide eta askatasunen defentsan eta aurrerantzean ere, bakoitzak bere eremutik, komunitatea kohesionatzen eta balio demokratikoetan sakontzen jarraitzeko deia egiten dugu".