Pankartak, banderak eta bestelako ikur antifaxistak hartuta zeharkatu dute erdigunea manifestariek, Sagardotegi kalera iristeraino. Bertan irakurri dute komunikatua, ez zutelako baimenik Okendoraino iristeko.
"Mundua eskuinerantz biratzen ari da eta Euskal Herria ez da burbuila bat. Gurean ere badu eragina. Gaur-gaurkoz ezin daiteke esan gure herrian eskuin muturraren hazkundea egituratuta dagoenik. Eragina marjinala da baina ez du esan nahi joera erreakzionarioak sumatzen ez ditugunik.
Balio atzerakoiak zabaltzen ari dira gurean eta eskuin muturrak zabaltzen dituen mezuak jendartean barneratzen ari dira. Gernikako suntsiketatik biziberritu den herria da gurea, Euskal Herria. Garaiko faxistek suntsitu nahi izan zutena eta 40 urtez errepresio gordina jasan zuena, nortasuna ukatu, emakumeak menpeko, gure hizkuntza erabiltzea ukatu. Horren aurrean, altxa egin ginen eta borrokaren bidez herritarrentzat eta langileentzat eskubideak irabazi zituena. Herrigintzari bultzada, euskarari ere bai, emakumeei, larrutik ordaindu genuen baina hemen gaude.
Gernika bonbardatu zutenen oinordekoak etorri dira euren banderekin eta agendarekin. Gu probokatzera datoz, ez datoz bozka bila edo bazkideen bila, hona datoz jakin badakitelako borrokaren genealogia indartsua dagoela eta herri borrokalaria dela, eskubideen aldeko borrokak askotarikoak izan dira. Duintasunez betetako herria da gurea.
VOXeko faxista horiek etorri dira eta hamarkada askotako borrokei esker irabazitako eskubideak ukatzera datoz. Gure nazio izaera ukatzera datoz, euskara zokoratzera, emakumeen eskubide oinarrizkoenak ezabatzera, migranteak kanporatzera, klima larrialdia ukatu eta negozioak bultzatzera datoz.
Gu, pauso bat aurrera ematera goaz, aurrera goaz, eskubideen eta askatasunaren alde. Anitzen arteko herri komunitarioa da gurea, gure herriaren alde elkarrekin ekinez ateak itxiko dizkiogu oldarraldi faxistari. Gaurko jende uholdearen bidez gure izaera eta nortasun antifaxista erakutsi dugu. Probokazioetan ez erortzeko eskatzen dugu, gure bizitzetan hutsalak izaten jarrai dezatela.
Gora borroka antifaxista, gora Lasarte-Oria eta Euskal Herria antifaxista!"