Nostalgia

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 6a, 07:00

Urteko sasoi argitsuenean sartu orduko, nostalgiak inguratu nau, leihotik begiratu, eta laino grisak nigana erakarri banitu bezala. Ekiaren hila estreinatu dugu, eguzkiaren arrastorik eduki ez arren, eta Zabaletako festak bukatu berri, San Pedro jaiei begira jarri gara. Sorgin Dantzako entseguetako txistu hotsek festak hurbiltzen ari direla iragartzen digute.

Oraindik sakelako telefonorik ez zen garaian, egitaraua postontzian noiz jasoko zain izaten ginen, eta lehen gainbegiratua eman orduko festetan zer egin mentalki antolatzen hasten ginen. Ez zen izaten nobedade handiegirik, baina xexenak, goitiberak, atrakzioak eta musika nahikoa ziren nerabe batzuk kontent izateko.

San Pedro Jaietako alkandora koloretsuari hautsak kendu beharra izaten zen, edo kuadrillan aldaketarik bazen azken orduan presaka eta korrika oihal dendara joan. Geratzen ziren lau teletatik zatarrena ez zena aukeratu eta josteko enkargatu ondoren, eztabaida pizten zen lagunen artean izenik gogoangarriena nork botako. Ez hanka ez buru zeukan izen bat aukeratu ondoren, kamisetan markatu, eta jaietarako prest. Hauxe orduko look-a: alkandora, hariak zintzilik zituzten bakerozko galtza motzak, orkatilan belkroa zuten zapatila txuriak eta gerriko poltsa, belkrodun diru zorro eta gurasoekin negoziatutako lau sosekin.

Orduan norbaitetaz bazinen, ur pistola zen zure aliaturik onena gustuko zenuen neska-mutilaren arreta pizteko. Zortea aldeko izanez gero, Okendoko palmondoaren babesean, Maixa eta Ixiarren Iluntzean dantzatzeko moduan izango zinen, eskuak mutilaren sorbaldan jarrita neskak, neskaren gerrian mutilak, eta uneoro metro bateko segurtasun distantzia mantenduta. 

Ibai ondoko autotxokeetatik bizirik irten ondoren, Okendoko frontoian eseri eta arratsalde osoan litxarkeriak jaten, txiba botatzen, pultserak egiten edo gomarekin jolasten ibiltzen ginen. Dirua ondo administratuz gero, sobratutakoa sorpresa zorroetan xahutuz bukatzen genuen eguna. 

Gure seme-alabek zer edukiko dute gogoan San Pedro Jaiez oroitzean?

Erlazionatuak

Ispilutxoa

Aizpea Amas mar 21 Iritzia

Kiratsa dario

Aizpea Amas urt 24 Iritzia