Aitormen bat

Aizpea Amas 2025ko ira. 19a, 07:30

Ongi etorri denei ikasturte berrira. Dagoeneko, udarako egun luzeek alde egin dute azaleko beltzaranaren arrasto laburrak bezalaxe, eta Zetak, Zinemaldi edota Erdi Aroko azoka bezalako ekitaldiek goxatu beharko digute bihotza aurrerantzean.

Uda honetan egin ditudan gauzen artean, aitormen txiki bat egin behar dut: Goenkale ikusten hasi gara senideok, lehenengo ataletik. Nahi izanez gero, 3.500dik gora atal eta 22 denboraldi geratzen zaizkigu aurretik. Berrikustaldia hasi baino egin ez dugun arren, hiru ideia ondorioztatu ditzaket jada: Kontxu Odriozola burutik oinetarainoko aktore puska zela, ahozko euskararentzat izugarrizko bultzada eta pizgarria izan zela (gogoratzen ‘ni ez naiz titikoumea’, ‘hori egina zagok’ edo ‘akabo fandangoa’ bezalako esamoldeak?) eta Euskal Herrian inoiz ekoitzi den kulebroirik handiena izan dela.

1994ko urriaren 3an estreinatu zen Euskal Telebistan, duela 30 urte baino gehiago, azkar esaten da. Orduan, 9 urte betetzeko nengoen, eta gogoan dut gurasoek ez zidatela ikusten uzten, ordurako ohean egon behar izaten nintzelako. Zuzenean ikusi ez arren, Goenkale-ko istorioak bolo-bolo ibiltzen ziren, Arraldeko gorabeherak Hortentsi eta Margariren mingainetan bezala. Franko aldatu da gizartea orduz geroztik. Don Luis apaiz maitagarriaren figuraren atzean, eliza katolikoak oraindik gizartean zituen erroak islatzen ziren, hala nola, dibortzioa, homosexualitatea, abortoa, emakumearen rola, gaixotasunak eta prebentzioa bezalako gaienganako ikuspegi tradizionalarekin. Oro har, Begoña medikua zen antitesia, arraldetarren sinismenak zientziarekin apurtuz.

"Aizu, ez dira, ba, oso atzean geratu diren gaiak", pentsatuko du nork ala nork. Eta arrazoi, deja vu bat izaten ari garela dirudi. Pentsa, Goenkale-n bertan Bosniako gerrari aipu bat egiten diote, gogoratu, genozidio bat gertatu zen huraxe. Genozidio…? Zer ekartzen dit gogora hitz horrek?

Erlazionatuak

Nostalgia

Txintxarri Aldizkaria eka 06 Iritzia

Ispilutxoa

Aizpea Amas mar 21 Iritzia