Besarkadaz josi genuen elkar, pino puentea nola egiten zuten erakutsi zidaten, asteburuan egindakoa kontatu eta hankaluze eta hankamotz artean aritu ginen kopletan.
Merendola prestatzen ari nintzela, txutxumutxuka sumatu nituen bi ume, parre txiki eta begirada artean. Ea zertan zebiltzan galdetzean, hiru biderrez erantzun zidaten kontatuz gero, haserretu egingo nintzela. Bere hortan utzi nuen, baina, halako batean, gorde nahi zuten sekretua ezin eutsirik, ahoan lehertu zitzaien eta zera bota zuen bietako batek, arrapaladan eta ia arnasik hartu gabe: "EskeX-kesatendulesbianazarela…".
Eta nik, patata poltsa ireki bitartean, trankil-trankil erantzun nien nire bikotea neska bat dela, bai, eta azaltzeko ea zergatik uste duten haserretzeko modukoa dela norbaitek zu homosexualtzat identifikatzea.
Isilik geratu ziren une batez, pentsakor. Gero, elkarrizketak aurrera jarraitu zuen. Batek esan zuen bere lagun batek bi ama zituela. Beste batek berak etzuela aitatxorik amatxo bakarrik. Beste batek ama eta aita zituela aipatu zuen. Eta besteak mutil bat ezagutzen zuela, mutilak gustatzen zitzaizkiona… A bai? Ze ondo.
Poztu egin ninduen ikusteak zein erraza egiten zaien beren bizitzei buruz hitz egitea, aniztasunari buruz, desberdina den horri buruz, etiketarik eta buelta gehiegirik gabe. Heldu askorentzat oraindik ere delikatuak diren gaiak beraientzat errealitate ezberdinak besterik ez dira. Ezberdinak baina zilegiak. Bi minutuko kontua izan zen. Gero, txibaz aritu ginen hizketan, Errealaz eta ikasturte amaierako jaialdiaz. Jaten jarraitu zuten eta freskagarriak elkarren artean nahasten, ondoren patatak edalontzira botatzeko (sinmas, denek egin dugun zerbait da). Goxo eta pozik, apartekoa den ezertaz hitz egin izan ez bagenu bezala, ez baikenuen apartekoa den ezertaz hitz egin.
Batzuetan, gauzak uste baino askoz sinpleagoak dira. Guk irakatsi behar diegula pentsatzen tematzen gara, baina, egia esan, haurrek erakusten digute bidea askotan: desberdina denari jakin-minez begiratzen diote, ez beldurrez; datorrenari irekita eta epaitu gabe. Inguruan dutena onartzeko gai dira, harik eta zerbaitek –edo norbaitek– kontrakoa erakusten dien arte. Izan ere, ez dira gorrotoa barruan dutela jaiotzen; gu gara, gizarte gisa, beren begiradak aurreiritziekin kutsatzen ditugunak, etiketak, beldurrak eta oztopoak ezartzen dizkiegunak. Agian, hainbeste moldatu beharrean, gehiago entzun beharko genituzke. Agian, haiek bezala begiratzen ausartuko bagina, hobea litzake mundua.