Lerrook idatzi bitartean bustitzen ari zaigu teklatua, baina irribarre batekin ari gara pantailari begira, Fede Otaegi Fino eta familiaren argazki bilduma osatu bitartean. Triste gaude pertsona zoragarri bat galdu berri dugulako, baina kontentu ere bai aldi berean, bera ezagutu eta berarekin lan egiteko zortea izan dugulako. Horrek, gure ustez, ongi laburbiltzen du herritarra guretzako izan dena. Bera bezala izugarri maite ditugun Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek maiatzeko jaialdi erraldoian erakutsi ziguten bezala, nebarrez ari gara.
Zenbait urtez lankide eta harreman profesionalaz harago lagun dugun Junkal Perezekin ezkondu eta bi alaba dituzte, Amane eta Oihana. Familia eder horren berri eman ziguten 2021eko ekainean, sendi eredu desberdinei buruz landu genuen erreportaje sortan.
Zabaleta auzoan bizi izan dira lauak eta guztiek, Fedek barne, hasiera-hasieratik izan dute auzo horretako ekimenetan laguntzeko borondatea eta gogoa, batez ere, festetan. Antolakuntza talde barruan nahiz kanpoan egon, herritarra beti izan da hortxe, behar zenean esku bakarra ez, biak botatzeko prest.
Saltsa ugaritan ibilitakoa izan da Fede, han eta hemen, baina beti bere izaera lasaiarekin eta irribarretsu. Pertsona patxadatsua izanagatik, lasterka egiteko zapatilak jantzi eta bizi-bizi aritu izan da errepidean, Lasarte-Oria Bai! krosean nahiz Behobia Donostia lasterketan. Batean zein bestean makina bat edizio jokatu ditu eta gure herriko lasterketan aintzatespen berezia egin zioten 2019an, Txetxu Mertxan herrikidearekin batera, ordura arteko aldi guztietan parte hartu izanagatik.
Kilometroak ez ditu soilik zaletasunagatik egin, baita konpromisoagatik eta herrigintzagatik ere. Adibidez, AEK erakundeak euskararen alde bi urtean behin aurrera eramaten duen Korrika lasterketa erraldoian makina bat alditan ikusi dugu, zenbaitetan, lekukoarekin. Azkenekoz, 2024ko martxoaren 20an, Zabaleta Auzolan elkartearen izenean testigua eraman zuenean.
Herrigintza euskaraz egiteko konpromiso hori errepidean eta bertatik kanpo erakutsi digu urteotan guztiotan, Ttakun Kultur Elkartean eta TXINTXARRI aldizkarian ongi asko dakigunez. Fede, Junkal, Amane, Oihana, elkarrekin egin ditugu guk ere makina bat kilometro bizitzaren bide honetan eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere. Besarkada estu bana guztiontzat.
Familiak jakinarazi duenez, hilbeila bihar egingo dute, larunbatarekin, Albia Rekalde Berri beilatokian, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

