Lasterketa bat, mila bizipen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko urr. 25a, 12:50

TXETXU MERTXAN ETA FEDE OTAEGI - 1 ZENBAKIDUN DORTSALA ERAMANGO DUTEN LASTERKARIAK

Krosaren bilakaeraren lekuko zuzenak dira Txetxu Mertxan eta Fede Otaegi: orain arteko 23 edizioak jokatu dituzten herritar bakarrak dira. Irteera lerroan egongo dira igande goizean ere, 24. aldiz. 

Ariketatxo bat proposatu nahi dizugu, irakurle. Egin memoria pixka bat, eta saiatu gogoratzen non zeunden 1996. urteko urriaren 27an, krosaren lehenengo edizioa jokatu zen igandean. Artikulua idazten ari den kazetariak lau urte zituen. Zuetako batzuk ez zineten jaio ere egingo oraindik. Beste batzuk irteera lerroan egongo zineten, ilusioz gainezka, lasterka egiteko prest. Ostadar SKTk aurten omenduko dituen bi korrikalariak ere han zeuden, eta, 23 urte geroago, jarraitzen dute, urtero bezala, hutsik egin gabe. Txetxu Mertxan eta Fede Otaegi herritarrek eramango dute 1 zenbakidun dortsala aurten.

Antolatzaileek erabaki dute zuek omentzea aurten. Nola hartu duzue albistea? Pozik zaudete? 

Fede Otaegi: Lotsa apur batekin, egia esan. Gure herriaren festa da krosa eta beti parte hartu dut gustura. Ez dit inoiz ahalegin berezirik eskatu; pozik egin dut.

Txetxu Mertxan: Esker hitzak besterik ez dauzkat. Ostadarri opa diot jarraitzea krosa antolatzen eta harrobia sortzen, orain arte bezala. Ederki ari dira.

23 edizio, bata bestearen atzetik. Igandean, 24.a. Azkar esaten da. Lesioak, konpromisoak, lana... Ez da erraza noizbait kale ez egitea.

F. O.: Txetxuk eta biok meriturik baldin badaukagu, eta zalantzak dauzkat horren inguruan, hori izan da: urriko igande berezi horretan irteera lerroan egon ahal izatea.

T.M.: Ez da erraza, ez. Gogoan dut duela lau urte neumoniak jota egon nintzela, gaizki, baina zortea eduki nuela: urtarrilean gaixotu nintzen, eta maiatzean osatu. Eman zidan denbora krosa jokatu ahal izateko.

F. O.: Lasterka egiten hasi eta segituan, erretiratzea pentsatu nuen, duela hiruzpalau urte. Mina sentitu nuen hanketako batean, kultur etxe parean. Emazteari ere esan nion. Baina, bat-batean, ikusi nuen zer nolako giroa zegoen, herritarrak txaloka eta animoak ematen, eta nire barrurako pentsatu: "Nola erretiratuko naiz ni orain?". Erabaki nuen segitzea, apurka-apurka, eta lortu nuen helmugara iristea.

Zein helbururekin aterako zarete igandeko krosean? Markarik bai buruan?

T.M.: Nik ez. Iruditzen zait krosa bezalako lasterketa herrikoietan ez daukala zentzurik erlojuaren menpe lasterka egiteak. Gozatu egin nahi dut nik, eta irribarretsu iritsi helmugara.

F. O.: Irribarretsu...ahal bada. Zaila da lasterketak iraun bitartean behar baino gehiago ez estutzea. Beti daude "pike" txikiak: ezagunen bat ikusten baduzu 100 metrora, harengana iritsi nahi duzu. Dena dela, ados nago zurekin, Txetxu: urteen poderioz, konturatu naiz  ez daukala zentzu gehiegirik erlojuari begira joateak. Duela urte batzuk egiten nuen nik hori, hala ere.

"Pikatuko" zarete zuek igandean?

Biek batera: Ez, ez! (barreak).

F. O.: Lasterkari bakarra omendu beharrean, hobe bi bagara! Niri lotsa dezente ematen dit...

T.M.: Hori da. Hobe bat eta bat izanda. Bi dortsalak bata bestearen ondoan jarriz gero, 11 zenbakiduna!

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia. Zer pentsatzen duzue hitz horiek entzutean? Zer esanahi dauka?

F. O.: Gozamena da kirol ekitaldi horretan parte hartzea: festa handi bat da. Ongi pentsatu dute ibilbidea antolatzaileek: hasten zara erdigunetik, kanpora zoaz gero, bueltatzen zara zentrora bukatu aurretik... Ederra. Giroa, izugarria.

T.M.: Behar adina entrenatuz gero, edozeinek jokatzeko moduko proba da krosa. Asko animatzen dute zaleek: helmugara iritsi arteko azken metroak ikaragarriak dira.

1996. urtean jokatu zen krosaren aurreneko edizioa. Bertan zeundeten zuek. Gogoratzen zarete?

T.M.: Gogoan dut garai horietan ez zeudela lasterketa asko: Behobia, Donostiako Maratoia, eta besteren bat. Kuadrillako asko animatzen ginen hasierako urteetan; orain ni bakarrik geratu naiz!

F.O.: Mugarria izan zen herriarentzat. Gogoan dut poz handiz izena eman nuela. Korrika egiten urte batzuk lehenago hasi nintzen, 1982an-edo.

Igandean zuekin batera korrika egingo duten lasterkari batzuk ez ziren jaio ere egin 1996an.

T.M.: Polita da ikustea belaunaldi berrietako gazteak ere animatzen direla krosa jokatzera; seinale ona da hori. Familian egiten dute batzuek, lagun artean besteek...

F.O.: Gazte zein heldu, herritarrek ohitura hartu dute parte hartzeko. Krosaren etorkizunarentzat oso ona da hori.

"Ez dauka zentzurik erlojuari begira lasterka egiteak krosa bezalako probetan"

Esan dugu 24. edizioa jokatuko duzuela igandean. Kontua eraman izan duzue urtez urte? 

Biek batera: Ez, ez. Urtez urte joan gara izena ematen, gorputzari kasu eginez.

F.O: Urte osoan zehar egiten dut korrika, eta egun berezi hau aprobetxatzen dut lasterketaz eta giroaz gozatzeko. 

T.M.: Niretzat edizio kopuruarena ez da inoiz obsesio bat izan. Hori bai, banekien zuk edizio guztiak eginak zenituela, Fede. 

F.O: Lehengo urtera arte ez nuen inoiz pentsatu nik hori, Aitor Azkonobietak [antolatzaileetako batek] komentatu zidan arte: "Batek baino gehiagok jokatuko zenituzten edizio guztiak ziur aski...". Eskoba eramaten dutenak ere, urte guzti-guztietan atera ez badira, gertu egongo dira.

Eguraldi iragarpenek diote giro eguzkitsua egongo dela igandean, eta 17 bat gradu egingo dituela 10:30erako, krosa hasten denerako. 

T.M.: Tenperatura aldetik, 14-17 gradu ingurukoa gustatzen zait niri gehien; beraz, ongi. Beroarekin pasatzen dut okerren, asko izerditzen dut-eta.

F.O.: Haizeak molestatzen dit niri gehien, euriak edo beroak baino gehiago.

Eta ibilbideari dagokionez? Lan asko ematen dizuen punturen bat daukazue identifikatuta?

F.O.: Giharrak berotuta eta luzatuta ere, kosta egiten zait gorputza martxan jartzea. Urbileko aldapan hasten naiz izerditzen normalean; hortik aurrera, ongi.

T.M.: "Perkins motorra" daukadala esaten dut nik beti: ttipi-ttapa igotzen ditut aldapatxo guztiak, poliki-poliki. Baina ibilbideak ez dauka zailtasun askorik; edonork egin dezake, entrenatuz gero. Nik, adibidez, hilabete eta erdiz prestatzen dut krosa. Horrekin aski izan dut proba bukatu ahal izateko, orain arte behintzat.

"Urtez urte joan gara krosean parte hartzen, gure gorputzei kasu eginez"

23 urte eta gero, ia-ia errutina bilakatu da zuentzat krosean aritzea. 1 zenbakidun dortsala eramango duzue aurten. Bereziagoa izango da?

F.O.: Bai, jakina. Dagoeneko zaleek asko animatzen bagaituzte, 1 zenbakidun dortsalarekin zer esanik ez! Txetxu, badaezpada ere, irribarretsu joan beharko dugu hasiera-hasieratik, zaleak eta ezagunak agurtzeko eta kasu egiteko.

T.M.: Bai, Fede, zalantzarik gabe! Bestela ere egingo dugu irribarre, lasterka egin bitartean etortzen zaizkigunean oroitzapenak. Berezia izango da.

Igandekoarekin, bien artean 48 kros eta ehunka kilometro... Eta geratzen zaizkizuenak!

F.O.: Beno, ikusiko dugu. Urtez urte joatea onena. 50na edizio jokatzera iritsiko ez garenez, alferrik da epe luzerako helburuak jartzea, nire ustez. Datorren urtean 25.a egitearekin, konforme.

T.M.: Nola ezetz, Fede? Bion artean 100 egitera (barreak)! Ez, arrazoi duzu, orain arte bezala jarraitzea da asmoa, gorputzari entzunez, urtez urte, esaten duen arte nahikoa kilometro egin ditugula.