Adimen artifiziala; hezkuntzarako tresna edo mehatxua

Gorka Alvarez 2025ko urt. 31a, 07:00

Azken urteotan, hezkuntza formaletik kanpo nabilen honetan, bigarren plano batetatik begirada berriak izan eta hausnartzeko aukera izaten ari naiz. Adimen artifizialak, hezkuntza mailan izan duen sarrerak, interesa piztu du nigan eta hausnarketa partekatu bat egitea otu zait.

Berria den orok, gure gizartean sortu ohi duen beldur edo mesfidantza hortaz haratago, badira hainbat puntu, erabileran oinarritzen direnak eta egunerokoan aplikatzeko oso interesgarriak iruditzen zaizkidanak.

Batetik, ikasketa prozesuen pertsonalizazioan hobekuntza ekar dezakeela uste dut. Jada errealitatea direla iruditzen zaizkit plataforma berriek, ikaslearengana zehatzago iristeko eskaintzen dizkiguten aukerak . Bestetik, irakasle moduan zuzenketak, erregistroak, errubrikak, ikasleen atazen jarraipenerako tresnak eta azken batean lan administratibo, zein antolakuntza lanerako erraztasunak eskaintzen dizkiguten hainbat baliabide berri ere eskura izateko sortu dira azkenaldian.

Gutxi aipatzen den arren, behar bereziak dituzten ikasleen material desberdinak sortzen ari dira etengabe alor honetan eta bereziki deigarria da zein harrera ona jasotzen ari diren hezkuntza komunitatean.

Hiruzpalau argi izpi hauen alboan hala ere, laino ilunak ageri dira. Batetik, beti lehen planoan izan beharko genukeen arrakala digitalaren muga hor dago. Ikasle guztiek ez baitute teknologia mota aurreratu hauek erabiltzeko aukerarik eta ikasle zehatzetaz haratago, hezkuntza komunitate desberdinek ere, askotan ez daukate behar liratekeen baliabide nahikoa hauek eskuragarri izan eta ikasle zein irakasleei erabilgarri jartzeko.

Irakasleen artean ere, adimen artifizialaren erabileraren aurka dagoen asko badira. Gizatasun eza horren inguruan euren ideiak sostengatzen dituztenak. Ene ustetan, mitotik gehiago duena, jakinda teknologiak gizatiarra den zati hori ordezkatzea, gaur egunean oso zaila ikusten dudala eta gehiago ikusita irakaslearentzat bere eguneroko lanerako laguntza moduan, ikaslearekiko tresnen sorrera onuragarrian edota hezkuntza eskaintza integralago bat eskaintzeko aukera on bat bezala.

Guzti honekin, erronka handi dauka hezkuntza komunitateak datozen urteetan, adimen artifizialak eskain ditzakeen abantailak aztertu,ulertu, hausnartu eta txertatzera bidean. Iritsi diren teknologia berri guztiek bezala zalantza sortzen du gauzak egiteko modu berri honek. Geratzeko iritsi direnaren itxura dute eta irakasle zen ikasleentzat erabilera egoki bat sustatuz gero, izugarrizko potentziala dutenaren ideiarekin bat nator. Datozen urteetan hezkuntza elementu eraldatzaile nagusienetariko bat izango dira eta horren aurrean prest egotea, egokitzea eta erabilera modu egokiak sustatzea egokitzen zaigu. Erronka ez da makala.