Gure herria hobeto eta sakonago ezagutzeko lan ugari argitaratu zituen Navarrok, besteak beste, Retazos bildumaren barruan: lau edizio kaleratu zituen (2007, 2010, 2018 eta 2021) eta kolekzio osoa aurtengo apirilean aurkeztu zuen. Kultur etxeko hitzaldi aretoan aurrera eraman zuen agerraldi horretan, honako gogoeta hau egin zuen: "Idazten ez dena ahaztu egiten da". Hilabete batzuk lehenago Dos libros lasartearras del siglo XVII publikatu zuen, bi idazkitan banatuta. 60. hamarkadan Danok Kide elkartean hasitako lan horri eutsi eta oso aktibo jarraitzen zuen. Orotara, gure udalerriko historiari buruzko zazpi lan ondu zituen.
Apirileko aurkezpen ekitaldi horretan esan zuenari jarraiki, hurrengo belaunaldientzat altxorrak izango diren lan ugari utzi dizkigu herritarrak, udalerriak ahaztuko ez dituenak. Eskerrik asko eta lurrak goxo har zaitzala, Jose Luis.
Familiak jakinarazi du Rekalde beilatokian egingo dutela Navarroren beila, gaur, 09:30etik 20:00etara.