"Gipuzkoako herri gutxi harro ager daitezke XVII. mendean bi obra literario idatzi izanaz"

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 17a, 20:46

Miguel de Oquendok idatzitako bi liburu bakarrean atondu ditu Jose Luis Navarro historialariak Dos libros lasartearras del siglo XVII izenburupean. Udalak argitaratu du eta ostiral arratsaldean aurkeztu du kultur etxeko hitzaldi aretoan. Herriarekin lotura estua izan zuen Okendok. 

Berrogei bat herritar bertaratu dira kultur etxera Jose Luis Navarroren azken lanaren berri izateko. Herriari buruzko historia ikertzen eta zabaltzen urteak daramatza eta burututako ahaleginaren zazpigarren fruitua da udalak argitaratu berri duena. Horri buruz hizketan hasi aurretik, Agustin Valdivia alkateak eta udaleko Kultura zinegotzi Ainara Elicecheak aurkeztu dute egilea eta obra. Historialariaren ustez, berak beharrean, azalpenak Okendok eman beharko lituzke, El héroe cántabro. Vida del Señor D. Antonio de Oquendo eta Vida de Santa Brigida lanak idaztearen zergatiei buruz esango lukeena oso bestelakoa izango zelakoan. XVII. mendean bizi izandako itsasgizon eta idazlearen faltan, ordea, ardura bere gain hartu behar izan du.

Lehenik, testuinguruan kokatu du argitaratu berri duten lana. Lasarteri buruzko informazioa bilatzen ari zela bi lan hauekin topo egitean, harritu egin zuen bi liburu horiek 1666. urtetik aurrera idatzi izanak; ezohikoa baitzen. "Gipuzkoako herri gutxi harro ager daitezke XVII. mendean bi obra literario idatzi izanaz", are gehiago udalerriaren tamaina kontuan hartuta, "Torre etxea eta San Pedro parrokia inguruko dozena bat etxe besterik ez zenean”. Gainera, garai hartan literatur ekoizpena "oso eskasa" zen, "ia hutsa gure probintzian", eta analfabetismoa, nagusi. Horrek guztiak bultzatu zuen Navarro liburuak topatzen saiatzera. Interneten aurkitu zituen, ez ordea udal liburutegian. Oro har, haiei buruzko ezagutzarik ez zenez, berak transkribatzea erabaki zuen; "ezagutarazi" eta aztertu nahi duten pertsonen edo ikerlarien eskura jartzeko. 

Miguel de Oquendoren bizitzari buruzko zenbait zertzelada emanda, liburuen edukira pasatu da. Lehena, El héroe cántabro. Vida del Señor D. Antonio de Oquendo 1666 urtean idatzi zuen Antonio aitaren oharretan oinarrituta. Zenbait gatazkatan izandako parte hartzea aztertzen du eta helburu du "bere balentriak goratzea, heroi bilakatzeko". Lan laburra bada ere, Navarrok nabarmendu du duela gutxi honi buruzko 400dik gorako bat idatzi duela Jose Angel Achon Insasutik, okendotarren familiaren errepasoa ere barnebilduta. Halaber, aurreratu du berak ere okendotarrei buruzko lan bat ia amaitua duela, bereziki, Lasarterekin izan zuten lotura estua landuz. 

Bigarrena, berriz, 1676an ondu zuen Vida de Santa Brigida: Princesa de Nericia da. Brigida Birgersdotter (1303-1373) noblezia suediarraren parte izateaz gain, idazlea, teologoa, mistikoa, filosofoa, politikaria... ere izan zen.  Baita herriko mojak parte diren Salvador Santuaren Ordenaren sortzailea. Hari eskaini zioten Okendok eta Teresa de San Millan emazteak familiaren lurretan altxatako komentua eta beren bost alabak moja kongregazio horren parte izan ziren. Aurreko libururako aitaren oharrak baliatu bazituen, Navarrok sinetsi nahi du Santa Brigidaren Errebelazioak liburuan oinarrituta idatzi zuela hau. "Gizartearen buru ziren gizonak baino argiagoa zen, eta bertan errebelazio eta profeziei buruz hitz egiten du, bere bisioez eta Jesukristorekin, Ama Birjinarekin, deabruarekin... izandako solasaldiez mintzo da".

"Pazientziaz" eta "arduraldiz" kopiatu zituen bi obrak bere denbora librean; ez daki urte eta erdi edo bi behar izan zituen. Irakurri nahi dutenek ere patxada beharko duela ohartarazi du, ez baitira errazak. Batetik, transkribaketa bere horretan egin du Navarrok, Okendoren sintaxia eta ortografia errespetatuz, nahiz eta egungoarekin bat ez etorri. "Egun ortografia akatsez beteta dagoela esango genuke", zehaztu du. Bestetik, orrietan jasotakoa ulertzeko idatziak izan ziren garaira atzera egin behar da, eta bereziki Santa Brigidari buruzkoari dagokionean, "mantso irakurri" eta bertan jasotakoari begirunea izan behar zaio. "Kosta egiten da Santa Brigidak deabruarekin, Ama Birjinarekin edo Jainkoarekin hitz egiten zuela sinestea. Izan zituen bisioen bidez, bizitza politiko oso aktiboa izan zuen eta erregeekin harremana. Agintariei kargu hartzen zien zuten jarreragatik". Hala ere, ahaleginak merezi duela deritzo, "oso bizitza interesgarria" izan baitzuen.

Egin dizkioten zenbait galdera ere erantzun ditu. Esaterako, Okendok Santa Brigidarekin izandako harremanaz. Bere alabak orden horren parte izatera pasatu zirenean gertatu zela pentsatzen du Navarrok. Ordura arte Lazkaoko komentuarekin akordioa ia itxia zuen, hango mojak Lasarteko komentura etortzeko. Hori gertatu bezperetan, ordea, alabek eztabaida izan zuten aitarekin brigitarren ordenean sartu nahi zutelako. "Hor piztu zen Okendoren jakin-mina". Publikoko beste lagun batek, aldiz, Donostiako Okendo plazako estatua kendu eta herrira ekarri beharko ote luketen iradoki dio. "Izan daiteke", erantzun dio aretoan zeudenen barre artean. Abagunea baliatu du ere herriarekin lotura izan zuena Okendo bakarra beharrean, hiru izan zirela argitzeko, eta hortaz, Okendo plaza beharrean, Okendotarren plaza beharko lukeela esateko. 

Amaitzean, nahi izan duenak liburuaren ale bat eskuratu du, eta asko ilaran jarri dira Navarrok izenpetu zezan.