Herritar ugari izan ditu ondoan Jose Luis Navarro Armendariz-ek bere azken liburuaren aurkezpen ekitaldian. Retazos IV. Aproximación a la vida de Lasarte hasta el siglo XX (2) lana ezagutarazi du. Alderdi politiko guztietako ordezkariek ere ez dute hutsik egin, eta gogoz entzun dituzte guztiek egilearen hitzak.
Eskerrak emanaz hasi du hizketaldia Navarrok. Kultura teknikariei zuzendu zaie: "Mila esker, beste behin nire lanari argi berdea emateagatik". Eta liburuaren nondik norakoak azaltzen hasi aurretik, hitzaldia laburra izango zela iragarri die entzuleei. Horretarako atsotitz bat ekarri du gogora: "Ona, laburra bada, bi aldiz ona".
Retazos IV, Aproximación a la vida de Lasarte hasta el siglo XX (2) lana,aurretik Navarrok berak idatzitako Retazos II liburuaren jarraipena da; bigarren zatia. Kontatu du, bi lan horietan XVI eta XIX. mendeetan Lasarten gertatutakoak bildu dituela.
Lan horiek osatzeko, kultur etxeko artxiboko dokumentazioa erabili du eta, jakinarazi du artxibo hori guztia hiru liburukitan bilduta dagoela. Artxiboko lan horren egilea ere ekarri du gogora; Antxon Aguirre Sorondo historialaria. "Gure herriaz zenbait obra egin ditu eta Ramon Lopez Gonzalezekin batera, Lasartez jakiteko, estatuko artxiboak gehien aztertu dituena".
Liburua osatzeko kontuan izan dituen artxiboko hiru liburukietan dauden dokumentuen berri eman du gero:
- Lehen liburukia
- Valladolideko erret kantzileria (dokumentu bat)
- Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa (Lasarte/Hernaniri dagozkion 34 dokumentu eta Lasarte/Urnietari dagozkion beste 20)
- Bigarren liburukia
- Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa (Lasarte/Urnietari dagozkion lau dokumentu)
- Gipuzkoako Artxibo Orokorra (11 artxibo ezberdin)
- Hirugarren liburukia
- Hernaniko Udal Artxiboa ( Lasarte/Hernaniri dagozkion 76 dokumentu)
193 dokumentuetatik, 122 erakutsi ditu Retazos IV liburuan (gainerakoak Retazos II-an aurkeztu zituen).
XVIII eta XIX mendeei dagozkien zatiak
Bi multzotan banatu ditu XVIII eta XIX mendeei dagozkien zatiak: garai haietan Hernaniri zegozkion eremuetan gertatutakoak batetik, eta Urnietari zegokizkionetan jazotakoak bestetik. Horietan guztietan, Lasarterekin erlazionatutako gertakizunak aurkeztu ditu eta aipatu ditu hainbat: Lasarteko Udala eraikitzeko obrak, San Pedro Elizako lanak, komentuarekin zerikusia duten gertakizunak eta emakumeen espetxearenak, besteak beste. Baina horien guztien artean, batek deitu du Navarroren arreta, bereziki; 1736. urtean Hernani eta Urnietako Udalek gaizkile batzuk jarraitzeko sinatu zuten akordioak.
Aipatu du Lasarteren bizitza osatu duten gertakizunez betetako liburua irakurtzea, agian "monotonoa" gerta daitekeela; ezin daitekeela nobela bat irakurtzearekin alderatu.
Liburuaren helburua zein den argitu du gero: "Gure herriaren berri ematen duten idatziak ezagutaraztea da xede nagusia; bertako arazoez eta bizitzeko moduez informatzea. Guzti horrek gure arbasoekin lortzen gaitu eta gure eguneroko ekintza xumeekin osatzen dugun historiarekin".
Zizeron politikari eta hizlari erromatarraren gogoeta batekin amaitu du diskurtsoa: "Iragana bazter uztea eta gertatu denari garrantzirik ez ematea, etengabe haur izatea da".
Txalo zaparrada beroarekin eskertu diote entzuleek egindako lana.
Sinadurak eta eskaintzak
Aurkezpena amaituta, liburuaren aleak banatu dizkiete bertaratu direnei. Eta hala nahi izan duenak, egileak sinatuta eraman dute etxera. Agustin Valdivia alkatearena eskaini eta sinatu du lehenik eta horren atzetik etorri dira gainerakoak. Ilara luzea osatu dute eta sinatutako liburuak eskuetan hartuta irten dira kultur etxetik.