'Retazos' bilduma osoaren aurkezpena egin du Jose Luis Navarro herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 9a, 11:01

Bildumako lau liburuak aurkeztu ditu historialari lasarteoriatarrak; horietan aurki dezaketen informazioaren berri eman die bertaratu direnei. Ekitaldi amaieran, bilduma bana jaso du entzule bakoitzak

Retazos bildumaren aurkezpena egin du, asteartea iluntzean, Jose Luis Navarro historialari lasarteoritarrak. Lasarte-Oriari buruz aurkitutako XX. mendera arteko idazki eta prentsa artikuluak bildu ditu lau idazkik osatzen duten bilduman. 

Protagonistak lehen hitzak udalari eskaini dizkio. Eskerrak eman dizkio eskuartean dituen liburuak argitaratzeko emandako babesagatik: "Zuen laguntzarik gabe, ezinezkoa zatekeen liburu hauek argitaratzea". Eskertza hori eginda, horietako bakoitzean topa dezaketen informazioaren berri eman die bera entzutera joandako herrikideei. Azaldu die, gainera, zergatik sortu dituen liburuak: "Idazten ez dena ahaztu egiten delako". 

Retazos de la vida de Lasarte y Oria del siglo XX a través de la prensa da lehenengo idazkiaren lerroburua. Kontatu du 2006an kaleratu zuela, eta zazpi atalburutan banatuta dagoela. Bertan bildu du Hipodromoaren gaineko informazioa, baita automobilismoari buruzkoa ere. Horiekin batera, txirrindularitzaren gaineko prentsa artikuluak ere topatuko dituzte irakurleek, baita golfari buruzkoak ere. Bosgarren atalean, herriko beste zenbait kirolen gaineko dokumentazioa bildu du (futbola, pilota, arrauna, eta abar), eta seigarrenean, aldiz, Lasarte-Oriako zenbait gertakizunen berri eman du. Zazpigarren eta azken kapitulua, berriz, Lasartek herri gisa independentzia lortzeko emandako pausoez hitz egiten duten dokumentuekin osatu du.

Retazos II: aproximación a la vida de Lasarte hasta el siglo XX izenburua eman zion Navarrok bildumako bigarren idazkiari. Hamar urte geroago argitaratu zuen hori, 2016an. Azaldu du hori ontzeko, besteak beste, Hernaniko eta Lasarte-Oriako artxiboetan arakatu zuela, baita Donostiako Udal Liburutegian ere. Zenbait mendetako pasadizo ugari aurkeztu ditu lan horretan, hala nola, Okendo familiaz, Lasarteko parrokiaz, industrializazioaz, jaiez edo bestelako gertakizunei buruzko idatziak. 

Bi urte ondoren, hirugarrena

2018. urtean kaleratu zuen Retazos III: Lasarte-Oria, aproximación a un largo y penoso camino a la independencia.  Kontatu du 1866. urtean eman zirela lehen urratsak, Lasarten, udaletxe propioa martxan jartzeko, Prozesu horren guztiaren (1986an udalerri izatera iritsi arterainokoa) gaineko informazioarekin osatu du hirugarren idazki hori. 

Retazos IV, Aproximación a la vida de Lasarte hasta el siglo XX (2) lana da bildumako azken idazkia. Hori, aurretik Navarrok berak idatzitako Retazos II liburuaren jarraipena da; bigarren zatia. Kontatu du hori osatzeko Oñatiko eta Tolosako artxibategietan topatutako dokumentazioa erabili duela, baita Hernaniko Udal Artxibokoa ere. XVI eta XIX. mendeetan Lasarten gertatutako askotariko gertakizunen gaineko dokumentuak bildu ditu, 122 orotara. 

Aurkezpena amaituta, entzuleak agurtu eta bertaratzeagatik eskertu ditu. Horietako bakoitzak bilduma bana jaso du opari.