Haize hotzak aurpegia laztantzen dit, zorrotz.
Hasieran erraz noa ordekan, herriko kaleetan barrena, baina laster hasi naiz arnasestuka gorantz, mendirako bidexkan aurrera. Eskuak estutu ditut, eta hotzaren minez ia zatika haustearen sentsazioa izan dut, baina sudurretik airea sakon hartuz, pausoa azkartu dut maldan gora. Arnasa sutan, pausoak astun, bihotza bero, bularra taupadaka lehertu beharrean eta zainak puzturik. Zangoak mugitzeko eskatzen dit buruak, baina giharrak erantzun nahi ez balute bezala sentitzen ditut. Bularrean danbada egiten dit bihotzak, sumendi batek lez isurtzen du odola gorputz osoan barrena, bor-bor.
Bidea luzea da oraindik tontorreraino, baina ez noa geratzera. Oinak lur bustian hondoratzen dira lokatzetan, basurdeek aztarrikaturiko hezegunetan, orkatiletaraino, baina aurrera.
Gorputza nekea pairatzen hasia da, arnasa motz, bihotza bizkor eta bularrean sua. Gorantz noa pauso luzean, aurrerantz makurturik eta urratsak kontatuz bat, bi, hiru...
Eguna argitzen hasi du; eguzki izpiek zuhaitz biluzien artetik egiten dute keinu eta gailurra ere bistaratu daiteke une batez.
Tontorrera iristearen pozak irentsi nau. Izerditan bustitako azala freskatzen dit haizeak, eta arnasestuka oraindik eta belaunak dardarka, ingurua behatzen dut, bertako pake eta lasaitasunaz jabetuz. Behean geratu dira nekeak, nagiak eta minak, eta momentu zoragarri honetaz gozatzea besterik ez dut.
Herria esnatzear dago oraindik, baina laster hasiko da eguneroko erritmoa hartzen. Nik bitartean, inguratzen nauten bazter miresgarri hauetaz gozatzen jarraituko dut, beheranzko bidea hartu aurretik.