Urte hasieretan gertatzen den moduan, iraileko aurreneko egunak ere inflexio puntuak izan ohi dira, ikasturte berriak hasten direlako. Une aproposa izan daiteke norberaren buruari erronkaren bat jarri eta alorra edozein izanda ere urratsak egiteko, esate baterako, euskaraz hitz egin eta bizitzeko gaitasunean. Horren barruan, izugarri garrantzitsua da transmisioa etxean lantzea, gurasoen eta umeen artean, azken horiek ahalik eta hiztun osatuenak bihur daitezen.
Testuinguru hori kontuan izanda, 2014-2015 ikasturtean GurasoLeku egitasmoa abian jarri zuten udalerriko zenbait eragilek: Sasoeta-Zumaburu eskola, Landaberri ikastola, Andrejoakinaenea haur eskola, Burunzpe Guraso Ekartea, Landaberri Guraso Elkartea, Muntteri AEK euskaltegia, Lasarte-Oriako Euskara saila eta Ttakun Kultur Elkartea dira lan mahaian esertzen direnak.
Aipatu foro horretako parte hartzaileek jakinarazi dute zabaldu dutela GurasoLekun izena emateko epea eta hilaren 30a izango dela horretarako azken eguna. Interesa dutenek herriko ikastetxeetan, Ttakun KEn edota udaletxean eskura ditzakete eskuorriak.
Lehen azaldutako helburu hori erdiesteko bidean, GurasoLeku ren barruan hiru programa daude: GurasoLagun, GurasoLandia eta GurasoTegi.