Bizipenak elkarbanatzea magikoa dela agerian geratu da ostegun arratsalde honetan, hilak 23, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. Trukelandia egitasmoaren aurkezpena egin dute Ttakun KEk eta udalak, eta bertan batu dira herriko 50 familia inguru. Hiru laguntzaile fin izan dituzte horiek guztiek: Olatz Bardaji GurasoLandia gidatzen duen begiralea, Porrotx pailazoa eta Josu Txapartegi Txapas. Eurak arduratu dira saioa gidatzeaz.
Koloretako puxikekin eta oparitxoz betetako poltsatxoekin apaindutako oholtza gainera agertu dira aipatu hiru laguntzaileak. Euren buruak aurkeztu, eta berala jarri dituzte bertaratu diren guraso eta haurrak kantuan eta dantzan. Izan dira eszenatoki gainera igotzera animatu direnak ere, eta denek elkarrekin ederki igaro dute arratsaldea; askotariko doinuak aireratu dituzte, Ikusi mendizaleak, Txiki-txikia, eta Euri tanta, besteak beste.
Ostean, Ana Labaka Euskara saileko zerbitzuburua igo da agertokira. Hitza hartu du, eta Trukelandiaren berri eman die aretoan bildutako gurasoei. Gogorarazi du GurasoLeku programan kokatzen den egitasmoa dela, eta hori labur-labur azaldu die. Kontatu du gurasoen topalekua dela, baina ez soilik horiena, baizik eta familia osoarena, eta, noski, euskararena ere. Honako adierazpenok gaineratu ditu jarraian: "Euskara familiako kide bat gehiago izatea nahi dugu".
Gauzak horrela, aisia jarduera baten aitzakian, sendiko kideak beste familietakoekin euskaraz hitz egiteko topalekua eskaintzen du Trukelandiak.
Funtzionamenduari dagokionez, aipatu du ekimenean parte hartzeko izena ematen duten familiak talde txikietan banatuko dituztela, eta hilean behin elkartuko direla talde horiek. Topaketa horietan ez da hezitzailerik egongo, beraz, taldea osatzen duten familien esku egongo da saioak pentsatu eta prestatzea. Horien bitartez, partaide guztien artean euskaraz aritzeko gunean sortzea da helburua, familia bakoitzak ezagutzaren bat partekatu beharko du taldekide duen beste familiarekin (jolasak, mahai jokoak, abesti eta dantzak, errezetak eta abar).
Elkartzeko egun eta orduak taldeko kideek adostuko dituzte; topaketa aurrera eramateko lekua aukeratzen, berriz, Ttakun Kultur Elkarteko kideek lagunduko dute.
Izen ematerako deialdia
Aurkezpen ekitaldiaren amaieran, oparitxoz betetako poltsatxo bana jaso dute bertaratu diren familiek. Horren barruan, besteak beste, izen emateko orri bat topatuko dute, eta hori izango da egitasmoan inskripzioa egiteko erabili beharko dutena. Eskatzen diren datuekin bete ostean, Ttakun Kultur Elkartera eraman beharko dute, eta horretarako epe muga bat izango dute; otsailaren 13a izango da horiek entregatzeko azken eguna.
Izen ematea sarean egin nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera. Horretarako, ondorengo formularioa bete beharko dute: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSfUSoIN5SRhx9phUo85ZY6nFIyj_JtZscLVRbRDUk270dnbpQ/closedform
Antolatzaileek jakinarazi dute behin izen emate epea amaituta osatuko dituztela taldeak, eta Ttakuneko kideek jakinaraziko dizkietela partaideei saioen gaineko xehetasun guztiak.