Dantza eta jolasa, GurasoLekuko ikasturteari amaiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 15a, 08:14

Ikasturte amaierako jaia aurrera eraman dute GurasoLeku egitasmoko parte hartzaileek, Okendo plazan

Ikasturte amaierako jai koloretsu bezain animatua aurrera eraman dute ikasturte honetako GurasoLeku egitasmoko kideek. 

Okendo plazan elkartu dira partaideak, eta, lehenik eta behin, abiatu berri den Euskaraldiari atxikimendua erakutsi diote; antolatzaileek prestatutako photocall-ean argazkiak atera dituzte familiek. Argazkiak ateratzeaz gain, aipatu ekimenaren aurtengo abestia dantzatu dute, Bulego taldearen Gure bihotzaren taupadak. Hori amaitu, eta berehala egin dute bigarren dantza erakustaldia. Pirritx, Porrotx eta Marimotots herriko sudurgorrien Ahoa bizi, belarria prest! kantatuta astindu dituzte gorputzak. 

Jolasean aritzeko tartea izan dute gero; koloretako uztaiekin aritu dira, eta horretarako tartea amaituta, berriz ere dantzari ekin diote. Ran rober ran dantzatu dute, baina ez hori bakarrik. Berriro ere Bulego taldearen beste abesti bat aireratu da bozgorailutik: Egin dezagun dantza.  

Koloretako jausgailua hartu, eta horrekin jolasean aritu dira beste tarte batez , eta dantza eta kantura itzuli dira gero. Sudurgorri lasarteoriatarren kantu Maite zaitut abesti eta dantzatu dute guztiek elkarrekin, baita Peru kokodriloa, Besarkada bat eta Trikitixa abestiak ere. 

Pilotak eta puxikak

Paratxuta bazter utzi, eta pilotarekin zein puxikekin jolasean aritu dira GurasoLeku ekimeneko haur eta gurasoak; eskutik elkar heldu, eta Etzakit taldearen Izar iheskorra abestiarekin kalejiran ibilii dira, Okendo plazan, hara eta hona. Diplomen banaketa egin dute ostean, eta oparitxo bana jaso du familia parte hartzaile bakoitzak: GurasoLekuko motxila dotore bat. 

Eta amaitzeko, berriz, bertaratu direnen talde argazkia atera dute. Giro ederrean igaro dute arratsaldea.