Ume txikiek ispiluari begiratu, eta irribarrez begiratzen diote aurrean dagoenari: gustuko dute ikusten dutena, haren begitxo, sudurtxo, belarritxo, eskutxo eta hankatxoekin. Urteak betetzen doazen neurrian, ordea, lehen ikusten ez zituzten gauzak antzematen hasten dira. Oraingo honetan ere, a ze sorpresa, neskak gara gure burua epaitzen lehenak, 5 urte baino ez ditugula.
Denborarekin ispiluari egiten dizkiogun galderak ere aldatuz joaten dira. Duela 25 urte argaltasuna zen ispilu aurrean bilatzen genuena, eta detailerik txikienari ere erreparatzen genion aurrez aurre jartzean: aldakako hezurtxoa nahikoa ikusten al zen, bi hanken artean tarte nahikoa ba ote zegoen edo lepauztaia nahikoa markatzen al zen. Egungo gazteentzat, berriz, azal perfektua omen da desira eskuraezina: zimur, begizulo edo eguzki aztarnarik ez duena, masail markatu eta ezpain mamitsuekin.
Ispiluaren isla aseezina da, eta etengabe eskatu eta eskatu ibiltzen da: “Krema hori behar duzu, granoak desagertzea nahi baduzu”, “kaloria gehiegi dira, gutxiago jan behar duzu eta ariketa gehiego egin”. Inoiz ez da nahikoa izango, ordea: kremaz gain, maskarilla beharko da hurrena, eta gero, begi inguruko lozioa eta ondoren, ezpainentzako seruma… berak nahi duena eman ala ez eman, ez da inoiz konformatuko.
Edurnezuri eta zazpi ipotxak ipuineko ispiluak egia baino ezin zuela esan kontatzen du istorioak. Ziurrenik, gurean ditugun ispiluek egia esango balute, beste modu batez begiratuko genioke geure buruari, baina hitzik egiten ez duten bitartean, agian kasu gutxiago egiten hasi beharko ginateke…