Gogotik ospatzen ari dira Extremadura

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 14a, 09:45

Aste osoa igaro dute festa giroan Extremadura Etxeko kideek. Orotariko ekintzekin disfrutatzen aritu arren, energiak gorde dituzte ospakizunarekin toperaino gozatzeko, ostiralean eta larunbatean. 

Asteburuko lehen egunotan; musika, dantza eta jatekoa zein edatekoa izan dira ezinbesteko elementu. Nola ez, hurkoak, ere. Zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. 

Pintxopotearekin hasi dute ostiraleko festa. Extremadura Etxeko aurrealdean barra ipini dutelarik, elkarteko bazkideak zerbitzari lanetan aritu dira. Txorizoa, lurraldeko gazta eta sagardoa edota garagardoa, besteak beste. Jaki eta edari goxoekin batera, Saito Gimnasioko dantzariek emanaldia eskaini dute. Euren bizipozarekin kontagiatuta, publikoko asko dantzan aritzera animatu da; gazte zein heldu, musikaren doinuek edonor kitzikatu dute. Alaitasunaren erritmoari lekukoa hartzeko, Dinbi Banda Batukadak afaldu aurreko unea girotu du.

Gaueko hamarrak inguru hasi da bazkideen afaria. Herriko zenbait ordezkari politiko ere bertaratu da. Otorduko zerbitzariek, hots, sozioen bilobek eta ilobek kiroleko edozein talderen planta eginez, pasilloa egin dute. Une horretan, norberak erabaki du hura zeharkatzeko zer egin; dantza, kantuan ala irribarre sinplea, baina zintzoa erakutsi. Mahaietan eseritan zeudela aprobetxatuta, Angel Barrera Extremadura Etxeko presidente ohiak denei eskerrak eman dizkie, etorri izanagatik eta jaietan egindako lanagatik. Jarraian, aparteko platerez gozatu dute. Auserki jan dute, baina ederki. Ohitura da dagoeneko hori elkarte honetan: janariaren kantitatea eta kozinatzearen kalitatea parekoa izatea. Egunarekin amaitzeko, mahaikide orok olio botila bana jaso du. Era berean, zenbait bazkideri oroigarriak ere banatu zaizkie. Afariak eta horren osteko festak goizeko ordu txikiak arte iraun du. 

Larunbateko lehenengo zita, meza Ama Brigitarren Komentuan. Felix Garitanok zuzendutako elizkizunak Extremadura izan du oinarri, eta Tolosako Flor de la Jara taldeak girotu. Amaitzerakoan, Oaintxe in deu! Txarangak kalejirarako gonbitea luzatu diete, monasteriotik egoitzaraino bidea musikatuz. Horretan ari zirelarik, LOZETeko buruhandiak batu dira. 

Arratsaldean, III. Futbolin Txapelketa Kooperatiboaren txanda izan da. Bikoteka jokatu dute Jalguneko kideekin batera. Lehia bizian aritu dira jokaldi ederrak egin bitartean. Aldi berean, oholtzaratu eta karaokean aritzeko aukera izan du edonork, eta horren ostean, Iruñatik etorritako Brotes de Encina taldeak kontzertua eskaini du, musika joaz eta dantzatuz. 

Asteburuko lehen egunetan ez da aspertzeko betarik izan, kasik ez da lo egiteko momenturik izan ere. Dena dela, Extremadura Etxeko kideak jaien azken txanpara ailegatzeko prest dira.