Avenida taberna-jatetxeko Yon Mikel Rodriguez eta Liza Rendon eta Andoaindik etorritako bi sukaldari, Mikel Rodriguez eta Aure Rey izan dira pintxoak baloratu dituztenak. Hondoko mahai batean eseri, jakiak mahai gainean jarri eta banan-banan dastatzen hasi dira. Amaitzean, elkarren artean iritziak trukatu eta bakoitzak bere puntuazioak idatzi ditu aurreneko begi kolpean paperezko zapia zirudien papertxoan, antolatzaileetako bati emateko gero, Oscar Barrerari.
Bitartean, lehiaketara aurkeztu direnek ale gehiago prestatu dituzte, pintxo-potea egitera elkartera igo direnei jaten emateko. Ilara osatuta, aukeran zituzten bost jakietatik batzuk (edo sorta osoa) erosi eta jaso dituzte, Gustura jan dituzte denek ala denek.
Gustura geratu dira baita ere bost parte hartzaileak, Avenidako sariak (bi menu eta astebukaerako otordu bat, hurrenez hurren) aurreneko biek soilik jaso badituzte ere. Halaber, pozarren daude antolatzaileak ekimenak izan duen harrerarekin. Hurrengo urteetan jarduera hori antolatzen jarraitzeko gogoa adierazi dute.
Sari banaketaren ostean, ekitaldiaren berri ematera joan diren argazkilariak eta kazetariak egiaztatu dute baietz, merezimendu osoz heldu direla finalera bost pintxo horiek. Lerro hauen bidez, eskerrik asko Extremadurako Etxeko kideei.