Extremadurako gozoak eta ibilbideak erakutsi dizkiete herritarrei

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 10a, 12:54

Aste kultural bete-betean dira Extremadurako Etxeko kideak. Gozogintza tailerra egin dute eta lan horiek amaituta, Extremadurako ibilbideen gaineko hitzaldian parte hartu dute zortzi lagunek

Gozogintza tailerrarekin ekin zioten astearte arratsaldeari Extremadura Etxean. Erroskillak eta loreak egiten aritu dira dozena bat emakume, eta horiek nola egin erakutsi diete ikasteko gogoz elkartera bertaratu diren gaztetxoei. 

Oreak prestatzeko lanak izan dira lehenak. Irina, arrautzak, azukrea, limoi azala, olioa eta bestelako zenbait osagai nahastu,  eta talde lan ederra egin dute; ore ederrak lortu dituzte. Loreak egiteko burdinak oliotan berotu , eta horiek egiten hasi dira hiru boluntario. Horiek kozinatu bitartean, erroskillak egiteko bolatxoak prestatzen  aritu dira gainerakoak. Bien bitartean, gozo horiek nola egin ikastera joandako gaztetxoek ere erroskillak egiten ikasi dute. Trebezia ederra erakutsi dute; jaki eder askoak prestatu dituzte horiek ere. 

Azkenik, guzti-guztiak oliotan frijitu dituzte, eta jan aurretik, azukrez igurtzi dituzte denak. Loreak, berriz, eztiarekin busti dituzte. 

Extremadurako ibilbideak

Gozogintza tailerraren ostean, Gozatu Extremaduraz a pie y en bicicleta hitzaldia aurrera eraman dute. Elkartean bertan izan da, eta zortzi hizlari aritu dira jendaurrean. 

Mikel Galdona eta David Miguelez aritu dira aurrena, eta Caceres iparraldean barrena bizikletaz egindako lau ibilbideren berri eman diete bertaratu direnei; horietako bat izan da Galisteotik Grimaldora egin dutena. Ibilbideen berri emateaz gain, kontatu dute, adibidez, uda sasoiko "bero handiak" ekiditeko "oso goiz" abiatzen direla bidean. Ahozko aurkezpena erakargarriagoa egiteko, irudiak eta ikus-entzunezkoak tartekatu dituzte. 

4 Lobos y 300 Buitres gaueko mendi lasterketa egin duten Jon Huizi, Sergio Ramirez, Ritxar Marcos, Xanti Trantxe eta Xabi Carcedoren txanda izan da gero. Esperientzia horren berri eman du boskoteak, eta, kontatu, gauaren iluntasunak eragindako zailtasun batzuk tarteko, bizipen "ederra" izan zela. Azpimarra berezia egin diote bertakoengandik jasotako harrerari, eta jakinarazi dute, gainera, Ramirez bigarren izan zela, eta Huizi, aldiz, hirugarren. 

Azkenik, zortzigarren gonbidatuak hartu du mikrofonoa, Juanjo Molanok. Tajo-Salor eskualdeko zenbait ibilbideren berri eman du, eta esan, edonork egiteko modukoak direla. Arroyo de la Luzen jaioa denez, udalerri horren ingurukoak izan ditu ahotan, hala nola, Petiteko urtegikoa. 

Egitasmoari amaiera emateko, galderak edo ekarpenak egiteko aukera eman diete entzuleei, eta izan da hitza hartzera animatu denik.