"Lurdes Iriondo bezalako emakume bidegileak ezkutatu egin dizkigute"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025ko ira. 12a, 15:08

Egindako lanarekin "oso gustura" daude Inge Mendioroz Ibañez (ezkerrean) eta Idoia Garzes Aldazabal (eskuinean).

INGE MENDIOROZ IBAÑEZ ETA IDOIA GARZES ALDAZABAL - ZUZENDARIA ETA GIDOIGILEA

Gai eta errekurtso ugarirekin ondu dute herritarrek 'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' filma. Donostiako Zinemaldian estreinatu eta zinemetara eramango dute azaroaren 14an.

"Gure lana dokumentala bera da, ez hori promozionatzeko elkarrizketetan esaten ari garena". Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filma Donostiako Zinemaldiko Zinemira atalean estreinatzear dutela TXINTXARRI aldizkariarekin elkartu dira zuzendaria eta gidoigilea, Inge Mendioroz Ibañez eta Idoia Garzes Aldazabal lasarteoriatarrak. Balio beza solasaldi honek, beraz, "euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea" izan zen emakumeari buruzko lan puska horren zertzelada batzuk emateko eta ikus-entzuleak aretora bertaratzera animatzeko. Hiru pase egingo dituzte: horietako bi, Principe aretoan, hilaren 19an (16:00etan eta 22:45ean), eta hirugarrena, Trueban, hurrengo egunean (18:15ean).

"Duela hiruzpalau urte" ekin zioten egitasmoari eta hasieran txikiagoa izango zela irudikatu bazuten ere, dimentsio handia hartu du: EITBren parte hartzea eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahiz Mikel Laboa Katedraren (EHU) babesa du. Hori gutxi balitz, Irizar Saria jasotzeko hautagaietako bat da. "Dokumentatzen hasi nintzen eta irakurri nituen artikuluetan 'Ez Dok Amairu taldeko abeslari-bakarlari bakarra' zela aipatzen zuten, baina egin zuen gainerako guztiaz [literatura, antzerkia, haurrek eskolan era ludikoan ikas zezaten bideo laburrak...] apenas esaten zuten ezer, esaldi pare batetan aipatzen zuten, asko jota. 'Baina hau zer da?', pentsatu nuen", kontatu du Mendiorozek. Eskuratu zuen baita ere Iriondok 1967an Zeruko Argia aldizkarian idatzitako Euskalerriko eskaleak artikulua; euskal kulturan lanean ari zirenen profesionalizazioa aldarrikatu zuen, besteak beste. "Emakume honek sekulako izaera izan behar zuela pentsatu, egin nahi nuenari buruz tiraka hasi eta Idoiarengana jo nuen: 'hau da saltsa, animatzen zara?' galdetu nion eta baietz erantzun zidan".

"Emakume izugarria izan zela iruditzen zaigu eta hori aldarrikatu dugu dokumentalean", azpimarratu du Garzesek. "Musika, literatura, antzerkia... saltsa guztietan sartuta ibili zen. Proiektatu duten irudia izan da emakume ile luzedun batena, gitarra eskuetan eta minigona jantzita, guapa, xaloa, jendea alaitzen zuena... ba ez. Erreferente izan zen euskal kulturaren transmisioan. Ezkutatu egin dizkigute pertsona hori eta bera bezalako emakume bidegileak". Gauzak horrela, pertsona horien jarduna eta garrantzia itzalpetik egiteko ariketa egin dute euren prismatik: ikuspuntu feminista eta aldarrikatzaile batetik. "Argazkilariek enkoadraketa bat edo bestea erabakitzen duten moduan, guk geurea erabili dugu eta ez da gezurra, errealitate hori kontatzeko modua baizik. Gai asko landu ditugu eta ikus-entzuleek egin dezatela euren hausnarketa".

Bi elkarrizketatuek txandaka erantzun dituzte galderak eta egin dituzte gogoetak, baina zenbait esaldi batera bota dituzte, ziurtasunez: "Kontatu dugun istorioa ez dugu asmatu, Lurdesen hitzetatik abiatuta eraiki dugu". Horretan mugarri izan da Garzesek topatutako aldizkari bateko artikulu jakin bat, Iriondok berak 1977an idatzi zuena: bere ibilbidea deskribatu zuen, aurreneko pertsonan. "Hortik abiatuta, josketa lana egin dugu, gure ikuspuntutik". 

Eredu direnen erreferente

Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak "bi alderdi" dituela azaldu du zuzendariak: "Batetik, protagonistaren beraren biografia lantzen duena, eta, bestetik, parte hartu dutenen artean egin duten hausnarketa: hamarkada hauetan Iriondo eta beste emakume ugari zergatik izan diren ahaztuak". Partaideak pluralean deklinatu ditu Mendiorozek, izan ere, bakoitza bere alorrean eredu diren zortzi emakume elkarrizketatu dituzte: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Patxika Erramuzpe Alfaro, Mariasun Landa Etxebeste, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Ana Guadalupe Fernandez Bilbao eta Jule Goikoetxea Mentxaka. "Lurdes erreferentetzat dute horiek guztiek eta, garai desberdinetakoak izaki, bikiak edo hirukiak direla esan ezin dugun arren, ahizpak dira guztiak; ibilbide bera jorratu dute eta bizipen berdin asko dituzte". Horrekin batera, "lan kolektiboa" izan dela goraipatu dute: feminismoa, nazio ikuspegia (Euskal Herriko iparraldea eta hegoaldea), erreferente diren emakume garaikide batzuen lana... landu dituzte.

Iriondoren biografia da, beraz, filmaren ardatzetako bat. "Garrantzitsua izan da guretzat Lurdesen prisma erakustea, hasieratik. Halabeharrez behar zuen naif kutsua, ume artean pozik bizi izan zelako", zehaztu du Mendiorozek. "Batzuek esango dute Ez Dok Amairu utzi zuela nazkatuta zegoelako baina ez, gehien gustatzen zitzaiona zen belaunaldi berriei euskal kultura transmititzea, hortaz, hautu pertsonaletik bazuen, bihotz arazo larri bat tarteko egin behar izan zioten ebakuntzaz aparte". Oholtzatik jaitsi zen baina ez zion euskararen alde lan egiteari utzi. Hori da gakoa, Garzesen hitzetan: "Eszenatoki gainean ez egoteak ez du esan nahi horrelako bidegile baten jarduna aitortu behar ez denik; berak agian ez zuen nahiko (2005ean hil zen), baina merezi duena eman behar zitzaion".

"Lurdesen dimentsioaz jabetzeko testuingurua kontuan izan behar da", nabarmendu du zuzendariak. "1937an jaio zen eta heziketa frankista jaso zuen, baina etxekoandre izan ordez gitarra hartu eta gazte hasi zen herriz herri jotzen, euskaraz, Ez Dok Amairu sortzeko bilerak egiten hasi baino urtebete lehenago, 1964an. Agurtzanek [Intxaurraga] dokumentalean esaten duen moduan, urte batean 170 emanaldi egin zituen, izugarria izan zen. Bakarlari gisa jotzeko toki asko eta askotatik deitu zioten". Horri lotuta, gazte askorentzat "eredu eta pizgarri" izan zela hausnartu du Garzesek, belaunaldi horietako kideak erakarri zituelako Iriondoren musika egiteko modu berri eta freskoak.

Egindakoan sinestea

"Kontua ez da gauza handiak gauzatzea, egindakoa benetan egitea baizik". Iriondoren esaldi hori buruan iltzatuta geratu zaie bi lasarteoriatarrei. "Asko ikasi dugu prozesu honetan eta pena bakarra dugu: pertsonalki ez ezagutu izana". Edonola ere, bere izaerari buruzko zertzeladak emateko adina ezagutza badute: "Emakume oso kañera izan zen; egin zituen gauzak nahi zuelako burutu zituen eta ez zen inorekin ezkondu, 'hau ala bestea' aukeratu. Oihu eta aldarri ekimenak errespetatu bazituen ere, isiltasun kontzientearen eta euskararen alde etenik gabe lan egitearen aldekoa izan zen, egitea iruditu baitzitzaion garrantzitsuena, ekimen handiagoa ala txikiagoa izan". 

Iriondoren ondarea Ez Dok Amairuren urteetakoa (1965-1972) baino askoz ere zabalagoa dela errepikatu dute behin eta berriro. "Diskoak, literatura, antzerkia... eta baita bideo laburrak ere, 80. hamarkadan, haurrei euskara era ludikoan irakasteko asmoz. Eskolan erabili zuten material gisa", jakinarazi du Mendiorozek. Benito otsoa da pertsonaia "garrantzitsu" bat (dokumentalean azaltzen da, Intza Alkain aktore lasarteoriatarrak hezurmamituta) eta mugarria izan zen alor horretan: "Pentsa zer-nolakoa izango zen garaiko umeentzat hori euskaraz ikustea. Euskal Herrian aitzindari eta bidegile izan zen Lurdes horretan ere", azpimarratu du Garzesek. "Eta orain, tradizioaren ardatzean jarraitzen dugu mugitzen. Horren adibide da Maite Arroitajauregi Mursego-k egin duen lan izugarria: Lurdesen musika filmerako bertsionatu eta egungo moldeetara ekarri ditu".

"Desabantailari" buelta emanda

Ondu duten lanarekin "oso gustura" badaude ere, onartu dute "gorabehera" ugari izan dituztela prozesuan eta baita "desabantaila nabarmen bat" ere: Ez Dok Amairu taldeko kideek, errepresioaren eta espetxeratuak izatearen beldurrez, ez zuten uzten kontzertuak grabatzen: "Lurdesen familiak utzitako argazki bildumak bai, baina irudi filmikorik ez genuen eta beste errekurtso batzuen bila hasi ginen". Horietako bat, bi herritarren iritziz "izugarria" dena, Patxika Erramuzpek eta beste hiru emakumek Baionan emandako omenaldi-kontzertua, Iriondo bera eta beste bi emakume aintzatesteko: Estibaliz Robles-Arangiz Estitxu eta Maite Idirin. "Buelta bat eman zion filmari: 80. hamarkadako Baionako irudiak eskuratu genituen, euskararen alde lanean ari ziren emakumeenak". Altxor gehiago ere bildu dituzte, hala nola oraino argitaratuak izan ez diren audio batzuk. Horietako bat, Iriondorena eta Ana Guadalupe Fernandezena, Donostiako Trinitate plazan elkarrekin abesten. Artikulu honetan dagoeneko azaldu dituzten osagaiak nahikoak ez balira, horra hor hilaren 19ko edo 20ko paseetara bertaratzeko motibo gehiago.

"Mila gauza" erabili dituzte dokumentalean eta "oso polita" geratu da, Garzesek nabarmendu duenez. Izebergaren punta da hori, nolabait esatearren, itsasoko ur azpian daudelako materiala aukeratzen (eta kanpoan zer utzi erabakitzen), editatzen eta muntatzen sartutako orduak eta orduak. "Izugarrizko joste lana egin duzu, Inge", aitortu dio solaskideari.

Azaroaren 14an, zinemetan

Kazetariari elkarrizketa titulatzeko izateko moduko gogoeta interesgarri ugari oparitu dizkiote biek ala biek, baita elkarrizketaren egunean bertan baieztatutako esklusiba bat eman ere: azaroaren 14tik aurrera SADE eta Golem zinema aretoetan proiektatuko dutela Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako ikus-entzunezkoa. Aurrerago, abenduan printzipioz, Ipar Euskal Herriko aretoetan ere erakutsiko dute dokumentala. "Nazio mailako estreinaldia egin nahi genuen baina ez da posible izan Iparraldeko eta Hegoaldeko agendak bateratzea".

Eta jakina, dagoeneko baieztatuak izan diren estreinaldiez gain, balizkoez ere jardun dira. Garzes: "Espero dugu filma Lasarte-Orian proiektatu eta herritarrei gure lana erakutsi ahal izatea, baita beste udalerri askotan ere".

Zuzendariaren eta gidoigilearen nahi hori gauzatzen bada, etorkizunean kultur etxeko auditorioan (edo beste nonbait) elkartuko diren ikus-entzuleek jakin dezatela herritar gehiagok parte hartu dutela dokumentalean. Garzes bera eta Nagore Llorens izan dira narratzaileak off-eko ahotsen bidez; Intza Alkain aktoreak, esan bezala, Benito otsoa gorpuztu du; eta Julen Basterraren gitarra doinuak dira soinu bandaren parteetako bat.

Solasaldia amaitu eta mahaitik altxata, promozioaren bigarren zatia heldu da: argazkiena. Elkarrekin lan egiteko adina kimika erakutsi dute kazetari-argazkilariaren aurrean jarri direnean: elkarri begira aurrena, kamerari gero, txantxaren bat edo beste batak besteari... Uneoro, irribarretsu. 'Agur' esan eta ziztu bizian abiatu dira Jalgi kafe antzokira, beste elkarrizketa batera. Filma bukatu badute ere, ez dira erditu oraindik eta "kontrakzioekin" jarraitzen dute, hau da, promozio 'birarekin'. Dagoeneko martxa hartuta, ederki moldatzen ari dira.

Erlazionatuak

'Zinemakumeen' filma ez da mutua izan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024 abe 18 Gizartea

Altxorra lehengai ere badenean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024 urr 24 Gizartea

Egunerokotasunaren akrobatak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024 eka 12 Kultura