Dekoratua, jantziak, musika, antzezpena, eta... "ekin!". Hasi da astearte arratsaldeko pasea Antonio Mercero aretoan. Kartelerako emanaldi nagusia, Emakume Sortzaileen III. Jardunaldia, lau izar hauekin: Ane Arteaga Otaño, Ione Artola Irizar, Haizea Huegun Duran eta Dorleta Urretabizkaia Egizala. Horiek gidatu eta zuzentzen, Ihitten elkarteko kide Idoia Garzes Aldazabal. Edizio eta postprodukziorik gabeko saioa izan da, zuzenekoa eta gordina, ikus-entzuleak ere bertan zirela; makina bat pertsona etorri dira eta sold out karteltxoa zintzilikatu dute atean.
Garzesek egin du sarrera eta bertaratu direnei ohartarazi die, badaezpada ere, filma ez dela mutua, gonbidatuez gain edonor anima zedin hitza hartu eta jardunaldia aberastera. Halaxe egin du batek baino gehiagok, eta, beste behin, giro atsegina sortu dute emakume sortzaileen topaleku bilakatu den aretoan. Oraingo honetan, zinemaren unibertso zabalean lanean ari direnena, hau da, zinemakumeena.
Ane Arteaga Otaño, errejidorea eta dekoratu laguntzailea
Errejidorea eta dekoratu laguntzailea da Arteaga. "Produkzioko pertsona bat da, dekorazio departamentukoentzako lan egiten duena", azaldu du herritarrak. "Ikus-entzunezkoaren gidoia hartu eta aurrekontu bat egiten dut, kalkulatzeko dekoratuak zenbat diru balioko duen. Gero, nire ardura da paperera eramandako zenbakiak ez gainditzea". Ekoizpenaren arabera, lantaldeak handiagoak edo txikiagoak izaten dira (Balenciaga telesailaren dekoratuetarako aurrekontua, adibidez, 200.000 euro baino gehiagokoa zen) eta lan antolaketa "oso hierarkikoa" izan ohi da.
Andoaingo Zinema Eskolan ikasi eta 90. hamarkada amaieran hasi zen lanean. Aurreneko film luzea, 1998an. "Urte gordinak" zirela gogoratu du, lan baldintzak "txar-txarrak" zirelako. Zorionez, aldatu egin dira garaiak eta askoz hobea da gaur egungo egoera. "Hitz magikoa hobekuntza fiskala da: hona grabatzera etortzen direnei inbertitutako dirua itzultzen die erakundeek eta horrek pertsona askori lan ematen die".
Ione Artola Irizar, jostuna
Artolari bere bizitzako "une onenean" etorri zaio film eta telesailetan jostun gisa lan egiteko aukera. Woody Allen-en Rifkin's festival pelikulan debutatu zuen, 2019an. "Izugarrizko lana egin nuela gogoratzen dut; lau egunetan 75 jantzi konpondu eta eraldatu behar izan nituen". Hiru urte geroago Balenciaga telesailean aritu zen, eta aurten, Santuario-n, ordezkapenak egiten. Horrez gain, pelikula estatubatuar batean ere jardun da.
38 urte daramatza jostun gisa lanean Artolak. "Milagrosenean hasi nintzen eta 15 urterekin egin nituen mahoizko aurreneko galtzak, niretzat". Gero, ofizio hori ikasi zuen Hernaniko akademia batean, bederatzi urtez dendetako joskintza eta konponketa lanak egin zituen eta gaur egun bere etxean bertan egiten du lan gehiena. 2016an Goi Mailako titulua atera zuen Donostiako Larramendi ikastetxeko AEG zentroan eta ez zaio damutu: "Jende interesgarri ugari ezagutu dut eta ate asko ireki dizkit horrek".
Artolak "detaile oso lasarteoriatar bat" izan zuen errodaje batean, Burdeosen, Arteagak kontatu duenez (bi herritar horiek eta Jokin Ayerregarayk batera egin zuten lan orduko horretan): "Ekainaren 28a zen, San Pedro bezpera eta Sorgin Dantzako zapiak banatzen hasi zen Ione".
Haizea Huegun Duran, konpositorea
Zinemarako musika konposatu edo proiektu pertsonal baterako, batak ez du bestearekin zerikusirik, Huegunek azaldu duenez. "Zuzendariarekin lan egiten dut normalean eta beti izaten da zailagoa nahi duen hori ulertu eta musikaren bidez zehatz-mehatz transmititzea". Horrelakoetan lanean hasi zenean produkzio handiak izaten zituen buruan, baina, denborarekin, perspektiba aldatu du: "Norekin lan egiten dudan, hori da garrantzitsuena. Nahiago dut proiektu txikietan jardun eta giro onean, alderantziz baino".
Musika nola konposatzen duen azaltzea "zaila" egin zaio Hueguni: "Liburu bat idaztearekin alderatzen dut, teknika propio bat du, urteetan zehar bakoitzak lantzen duena. Hein batean, hutsetik sortzea da". 12 urte zituela hasi zen pianoa ikasten eta garai horretan eguneroko bat idazten zuenez, maila hobetzeko erronka jarri zion bere buruari: egunero ordubetez entseatzea, gutxienez. "Gurasoek, jotzera animatu baino, atseden hartzeko esaten zidaten". Urratsez urrats egin du bidea, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ikasi eta Ahaire akademia irekitzeraino. Piano eta konposizio eskolak ematen ditu bertan.
Dorleta Urretabizkaia Egizala, aktorea
Zinema alorrean egiten duen lanaren nolakotasunagatik, lau gonbidatuen arteko "aurpegi ezagunena" Urretabizkaiarena da, Garzesek azpimarratu duenez. Batez ere, aktorea da, baina ez aktorea soilik: zuzendari, gidoigile... eta idazle ere bai, 2006an argitaratu zuen Jaione eleberriak erakusten duenez. "Beti izan naiz mucho morro eta izan ditudan aukera profesional guztiei heldu diet". 17 urterekin hasi zen interpretatzen, asko eta askorentzat harrobi izan den Goenkale telesail ezagunean. Beste makina bat produkziotan aritu da ordutik, esan bezala, aktore eta bestelako lanak tartekatzen. "Bi aldeak gustatzen zaizkit eta horietako batean asko aritzen naizenean bestetik jardutea gustatzen zait, eta alderantziz".
Antzezlan batean edo pelikula batean aktore izatea alderatu ditu Urretabizkaiak: "Antzerkiak du zuzeneko hori, emanaldian zehar garatu egiten duzuna; zinemarena, berriz, magia da, 'ekin!' esaten dutenean hasi eta dena eman behar duzu une horretan bertan, gero, bukatu eta bazoaz. Zerbait gertatzen da hor, deskribatzen ez dakidana".
Lau gonbidatuek, moderatzaileak eta ekarpenak egitera animatu diren ikus-entzuleek hitz eta pitz jarraitu dute ia afalordura arte, giro ederrean.