Altxorra lehengai ere badenean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko urr. 24a, 11:35

Ezker-eskuin: Idoia Garzes (moderatzailea), Maialen Porroy, Fanny Alonso eta Nagore Lejarreta.

Emakume Sortzaileen II. Jardunaldia aurrera eraman du Ihitten elkarteak, 'Sorkuntza memoriatik' izenburupean. Bi alor horiek uztartu dituzten bi proiekturen egileak gonbidatu dituzte, bakoitzak bere egitasmoa aurkeztu eta elkarrekin hitz egiteko gero. Herritarren jakin-mina piztu du ekimenak eta dozenaka izan dira bertaratu direnak.

Memoria "partekatu beharreko altxorra" dela uste dute Ihitten elkarteko kideek, eta, horregatik, gai horren bueltan ardaztu eta aurrera eraman dute Emakume Sortzaileen II. Jardunaldia. Gaitasun hori altxor preziatua izateaz gain sortzerakoan lehengai bikaina ere badela frogatu dute Fanny Alonso eta Maialen Porroy diseinatzaileek eta Nagore Lejarreta argazkilariak. Aurreneko biek Mujeres del algodón/Kotoiaren emakumeak egitasmoa ekarri dute Antonio Mercero aretora, eta, hirugarrenak, Ibaia ez da toki bat dokumentala. 

Bakoitzak bere proiektua aurkeztu aurretik saioaren moderatzaile izan den Idoia Garzes kazetari, idazle eta Ihitten elkarteko kideak egin die ongietorria gonbidatuei eta aretora etorri direnei. Gogoratu du ekainean aurrera eraman zutela aurreneko jardunaldia, herritarrak diren bost emakume sortzailerekin. "Haien lana eta izatea aitortu genituen". Oraingo honetan, esan bezala, memoriatik heldu diote sorkuntzari, "proiektu artistikoak egiteko lehengai" ere izan daitekeelako. 

Idatzi, irakurri eta entzun

Alonsok eta Porroyk Mujeres del algodón/Kotoiaren Emakumeak proiektuaren aurkezpen bideoa proiektatu dute aurrena. Ikus-entzunezko horretan badago esaldi oso deigarri bat, partaideetako bat izan den Nerea Tudurik botatakoa: "Idatzi, irakurri eta entzun egin behar da, gure amonaren istorioa ez dagoelako historian". Tudurirenak bezalaxe, gerora amona izan diren emakume askok (Alonsorena bera, esaterako) lan egin zuten ehungintza fabriketan. Andoain, Bergara eta Villabonako lantegietan aritutakoen lekukotzak jaso dituzte (orden horretan) proiektu horien egileek eta baita erakusketa multidiziplinarrak antolatu ere: bideoak, argazkiak, testua, aipatutako fabriketan ekoiztutako izarak... Hori dena, koronabirusaren pandemiak eragindako oztopoak gaindituta, orduan ekin baitzion ekimenari Alonsok, profesional talde bat osatuta.

Jasotako testigantza horietako batzuk erakutsi dituzte jardunaldian, adibidez, gaur egun 94 urte dituen Pepitarena. "Asko engantxatu nintzen berarekin", aitortu du Alonsok. Besteak beste, Andoaingo lantegian beharrean aritu zen pertsona horrek gogoratu zuen bazutela haurtzaindegi bat fabrikan bertan eta zaintzen zituztela lankideen umeak egunean zehar. Eta, nolakoa den bizitza, urte askoren buruan zaintzaile eta zaindu izan ziren bi pertsona elkartu ditu Mujeres del algodón/Kotoiaren emakumeak proiektuak, izan ere, Pepitak zaindutako haur batek ezagutu zuen zaintzailearen erretratua, Villabonan jarritako esposizioan.

Gogoeta honekin itxi du aurkezpena Alonsok: "Gogoratzen naiz amonarekin sutondoan eseri eta istorioak kontatzen zizkidanean; izugarria iruditzen zait hori eta galtzen ari garela iruditzen zait". Horregatik sortu dute proiektua eta horregatik ari dira ahal duten eskola gehienetara joaten, belaunaldi berriek izan dezaten zaharrek egindakoaren berri. "Irakasle askok deitu digute gero, esateko ikasleen jakin-mina piztu duela eta hasi direla horrelakoei buruz galdetzen euren aiton-amonei".

Bizirik dagoen izakia

"Urumea ibaia ez da toki bat, ez da ubide bat, ez da orain hemen eta gero han jarri daitekeen ur kanal bat, Urumea ibaia bizirik dagoen izakia da, orain zabaldu eta gero uzkurtu egiten dena, gure birikak bezala". Horrela deskribatzen du Nagore Legarreta argazkilariak Ibaia ez da toki bat egitasmoa. Lanketa horren emaitzetako bat izan da izen bera duen dokumentala, bi galdera nagusiren bueltan ardazten dena: Nola ikusten dugu ibaia eta nola ikusten gaitu hark gu?. "Horiei erantzuten saiatzeko askotan artetik planteatzen ditugu galdera oso abstraktuak; erantzunak ez zaizkigu horrenbeste inporta, erantzuten saiatzeko bidean sortzen diren gauzak baizik. Horiek jaso ditugu dokumentalean". Legarretaren asmoa izan da erakustea gizakiak ura duten tokiekin dituen harremanak ez direla funtzionalak bakarrik, horietatik harago lotura emozionalak ere badaudela". 

Argazkilariak urtebete igaro zuen Urumeari argazkiak egiten, eskuz eraikitako kamera estenopeikoekin. Bitartean, ibaiari buruzko testigantza ugari kontatu zizkioten eta hori guztia dokumental batean erakustea erabaki zuen. Proiektuari narrazio egitura emate aldera, Bira Produkzioak kooperatibako kide Beñat Iturriozengana jo zuen; berak zuzendu zuen ikus-entzunezkoa. 38 minutuko kontakizuna proiektatu dute jardunaldian eta aretora bertaratutakoek ikusi dute kamera horiek nola eraiki zituzten eskuz, nola erabili zituzten Urumeari argazkiak egiteko, Legarretak berak nola errebelatzen dituen irudiak, ubideak zer-nolako ibilbidea egiten duen Donostian itsasoratu arte... hori dena, zenbait testigantzarekin lagunduta (hunkigarriak dira Legarretak bere amonarekin telefonoz izandako elkarrizketak, pandemiagatiko itxialdiaren garaikoak). 

Prozesu artistiko-teknikoari buruzko zertzelada batzuk ere eman ditu Legarretak. "Kuriosoa da, kamera ilun edo estenopeiko gisa ezagutzen diren tresnak eraikitzeko etxeko zenbait ontzi erabili genituelako. Hasieran txuri-beltzeko argazki papera erabili nuen baina koloretakoa ere bai gero; lausoak eta piktorikoak dira irudiak".

Gonbidatuek beraien proiektuak aurkeztu ostean solasaldiari ekin diote bertaratutakoek eta hainbat kontu interesgarriri buruz hitz egin. Ibaia ez da toki bat dokumentalaren zuzendaria publikoaren artean zegoen eta une batean Garzesek berari eman dio hitza, lan horri buruz hitz egiteko. "Uretan sartzea suaren aurrean egotea bezalakoa da, zure buruari begiratzeko momentu ezin aproposagoa". Legarretarekin lanean aritzea "plazera" izan dela nabarmendu du eta bera baino, "Urumeako ura" izan dela "dokumentalaren benetako zuzendaria".

Erlazionatuak

Egunerokotasunaren akrobatak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024 eka 12 Kultura