Orekari eta funanbulista guztiak ez dira zirku ikuskizunetan jarduten. Are, akrobata eta ekilibrista gehienak herritar xumeak dira, egunero ikusi ditzakegunak kalean. Zeharkatuko dute zuzen zebra bidea, ez dute oreka galduko espaloia igotzerakoan, baina euren egunerokoetan denetariko akrobaziak egin behar izaten dituzte euren bizitzekin aurrera egiteko. Horietako batzuk herritarrak, emakumeak eta sortzaileak dira. Ihitten elkarteak bost gonbidatu ditu Antonio Mercero aretora: Aintzane Usandizaga (Ihitteneko kide ere bada), Bea Egizabal, Nora Izagirre, Ainhoa Negeruela eta Karmele Salsamendi. Ihitteneko kide Idoia Garzesek gidatu du solasaldia.
"Nola definitzen duzue zuen burua?" galdetu die, hasteko. "Gatazka eragin dit beti galdera horrek eta ez bakarrik sorkuntzaren alorrean. Gure burua aurkezten dugunetan zer esaten dugu, zertan lan egiten dugun? Horrek definitzen gaitu? Bestalde, noiz bilakatzen zara idazle? Egunkarian ateratzen zarenean, liburu bat argitaratze duzunean...? Gazteagoengandik ikasten ari naiz, indar gehiagorekin kontatzen dituzte gauza hauek. Idaztea gustatzen zaidala esaten dut nik", hausnartu du Usandizagak. Egizabal: "Nola identifikatu nire burua, zer naizen, non nagoen edo nengoen... Esango nuke istorio kontalari komikoa naizela; nire kasuan, sortzea da kaosa ordenatzeko behar bat". Moda diseinatzaile, musikari, irakasle... Zeregin ugaritan aritu da Izagirre eta kontatu du "bizitzak jarri dizkion erronkei" aurre egiten ari dela. Gaur egun hezkuntzan ari da lanean baina sorkuntza ez du alboratu: "Nire barrua ulertzeko eta hor dagoena ateratzeko modu bat da".
Arkitektura "kasualitatez" ikasi zuen Negeruelak eta bere "pasio" bihurtu da. Baserriak zaharberritzen ditu: "Nirea da agian prozesu solidoena, eraikina badago jada eta jabeek berritu nahi dutenean jotzen dute nigana. Azken 50 urteetan etxabeen erdiak-edo desagerrarazi ditugu, bereziki arduratzen nauen gai bat da". Estudio propio bat du. Salsamendik, berriz, denda bat du, Uistin kaleko Koöl Studio, eta "diseinatzaile eta sortzaile gisa" definitzen du bere burua. Hamar bat urte daramatza moda jasangarriaren egitasmoan lanean eta aipatu saltoki hori beste emakume askorekin partekatzen du, ikastaroak-eta aurrera eramanda.
Afizioaren eta ofizioaren arteko oreka
Ihittenek mahai ingurua iragartzeko erabili duen kartelean neska bat ikus daiteke, oreka mantentzeko makil zuri bat eusten bi besoekin eta bihurguneak dituen korda baten gainean ibiltzen. Horrekin identifikatzen ote dira bost hizlariak? Salsamendik baietz esan du, "sokari eusten" aritzen dela egunak joan eta egunak etorri: "Lan finko bat utzi nuen nire proiektuan buru-belarri aritzeko eta sentitzen ditut beldurrak, ea eroriko ote naizen eta horrelakoak. Begiak itxita lan egitearen sentsazioa izaten dut askotan, egitasmo bat denboraz planifikatu arren ez dakidalako jendeari gustatuko zaion ala ez eta emaitzak ez ditudalako berehalakoan ikusiko".
Sortzea afizio edo ofizio izatearen arteko oreka mantentzea ez da erraza, bost sortzaileek nabarmendu dutenez. Izagirre: "Moda enpresa batean lan egin nuen diseinatzaile gisa eta ez nintzen zoriontsu. Orain, ordea, irakaslea naiz eta ahal dudanetan sortu; zoriontsuagoa naiz". Egizabalen ustetan "oso polita" da afizio izatearen kontzeptua baina uste du horrek ogibide izaera kentzen diola alor artistikoari. "Borroka hori izaten dugu: ez saldu zure artea, ez izan mertzenario bat, dirua ateratzen badu ez da horren alternatiboa izango... Etika politikoa mantendu bai, jakina, baina bizi ere egin behar dugu, familia mantendu, hipoteka ordaindu, eta abar". Negeruela "guztiz identifikatuta" sentitzen da "oreka mantentzeko saiakera etengabearekin", bera delako enpresa eta nagusiren baten menpe egon ez arren oporrak hartzerakoan lana eramaten du berarekin, ordu mordo bat sartzen ditu, arkitektoek hamar urterako duten ardura zibilaren "pisu handia" bizkarrean eraman...
Amore eman ala ez
Sorkuntzan funanbulista izateaz nekatuta, amore ematea pasa ote zaie burutik gonbidatuei? Bakoitzak beretik erantzun du. Egizabalek, esaterako, adierazi du berarentzat hori ez dela aukera bat. "Iruditzen zait adinak baduela pisua horretan, ez da gauza bera horrelakoak planteatzea 30 urte dituzunean ala ez dituzunean, beraz, beti aurrera, ez dakit nola, baina beti aurrera". Izagirrek, aldiz, moda diseinatzaile izateari uzteko beharra sentitu zuela kontatu du: "Edo hori erabakitzen nuen, edo krisi egoerak jango gintuen ingurukoak eta ni. Utzi nuenean atseden hartu nuen eta gainera sentitzen dut bete ditudala nituen amets guztiak. Hala izan ez balitz eta kezka edo zerbait egin gabe utzi izan banu, agian...". Usandizagak ez du inoiz sentitu sortzeari utzi behar izatea, baina etsipena eragin dio lan hori partekatzeko prozesuak, "molde eta modu jakin batzuetan kokatu beharrak".
Mahai inguruan jorratu duten beste gaietako bat izan da gainerako sortzaileekiko duten iritzia, ea lehiakide gisa ikusten dituzten ala ez. Usandizagaren aburuz, merkatuak eta erakundeek sistema hori sustatzen dute: "Beka sistemetan, esaterako, ikusten dut lehiatzeko politika: bati ematen diote dirua eta gainerakoei ezer ez, beraz, hori sustatzen ari dira".
Jarraian, honakoa galdetu die moderatzaileak ez soilik gonbidatuei, baita parean zeuden ikus-entzuleei ere: "Zer nota jarriko diogu Lasarte-Oriako bizitza kulturalari?". Zenbaki zehatzik inork bota ez badu ere, gogoeta aberasgarriak trukatu dituzte. Esaterako, balioan jarri dute herritarrek herriarentzako egiten duten eta antolatzen duten guztia, "udalak jarritako oztopoen gainetik" askotan. "Ez dago plangintza kulturalik; gaztetxoentzat, adibidez, zer dago? Arazoa udaletxea da. Ez naiz pertsonalki ari e, ni ez naiz kexatzen deitzen nautelako eta ongi tratatua sentitzen naizelako, herri mailako kontua da", adierazi du Egizabalek.