Haurrak eskulanetan aritu dira, gogotsu. Askotariko sortze lanak egiten trebeak direla erakutsi dute. Gaztetxoenek, gurasoen laguntzarekin, maskarak margotu eta apaindu dituzte, eta nagusienek, aldiz, koloretako sokekin eskumuturrekoak egin dituzte. Gutxi batzuk, berriz, triangelu formako plastiko beltzak loreekin atondu dituzte, Extremadurako zapiak sortuz.
Lan horiek amaituta, indarrak berreskuratzeko askari goxoa dastatu ahal izan dute partaideek. Edalontzi bana irabiaki eta bina barkillo jan dituzte. Ostean, Joli festa egitea aurreikusten bazuten ere, euria tarteko ekimen hori bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek.
Nagusiak, karta jokoan
Bien bitartean, nagusiak tutean jolastu dira. Zortzi bikotek eman dute izena, eta lau mahaietan eserita, giro ederrean. Joko arauak ondo zehaztu dituzte partidak hasi aurretik, eta denak ados agertuta ekin diote jokoari.