Gune tentsionatua

Lierni Rekondo 2025ko ots. 7a, 07:00

Sarean topatutako informazioaren arabera, Etxebizitza Gune Tentsionatua, alokatzeko etxebizitzen eskaintzaren eta eskariaren artean desoreka dagoen eskualdea da, hauek bidezko prezioan eskuratzea zailtzen duena. Gure herria Etxebizitza Gune Tentsionatu gisa izendatu izanaren berria heldu zitzaigun duela egun batzuk eta ezustean hartu gintuen albisteak (bai, ironia da).

Asko gara egoera honen ondorioak pairatzen ditugun profilak, langile klaseak barnebiltzen dituenak, oro har, baina, nik gazteon paperetik hitz egin nahiko nuke datozen lerroetan. Izan ere, tentsioan dauden eremuetako etxebizitzaren arazoa ez da gai ekonomikoa bakarrik, soziala ere bada; milaka gazteren bizitza baldintzatzen du, ikasketak amaitu edo adin-nagusitasunera iritsi ondoren, bizilekuen egonkortasunari dagokionez zalantzazko horizontea besterik ez baitu zabaltzen.

Eta hori da nire inguruko adinkideen artean ikusten dudana; aldi baterako lanak edo ezegonkorrak, gastuen erdia ere estaltzen ez dutenak, eta alokairuak, hilaren amaieran, irabaztea lortzen dugun ia guztia irensten dutenak. Ziklo amaigabe batean harrapatuta egotearen sentipena etsigarria da. Gazteok behartuta gaude gurasoekin edo pisu partekatuetan bizitzera, egunean egunekoa egitera aurrezteko sekulako zailtasunekin. Ondorioz, etxebizitza jabetzan hartzeak urrutiko ametsa dirudi. Etxe bat erostea ia ezinezkoa da familiaren babes ekonomikorik edo lan-egonkortasunik ez badugu, eta hori, askotan, ez da inoiz iristen. Presioa hain da handia, ezen epe luzeko bizi proiektu egonkor batean pentsatzeko ideia zalantzazkoa bihurtzen baita. Nola planifikatuko duzu zure bizitza hurrengo hilean alokairua ordaindu ahal izango duzun ez dakizunean? Errealitate horrek gure bizi-kalitateari ez ezik, gure osasun mentalari ere eragiten dio.

EAEko zenbait hiritako batez besteko alokairua %20 igo omen da azken urteotan eta horrek larriagotu egiten du gazteen diru-sarreren eta etxebizitza duin baten kostuaren arteko aldea. Gainera, arrazoizko prezioetan alokairu eskaintzarik ezak edo babes publikoko etxebizitzen eraikuntza eskasak desoreka hori areagotzen dute. Askotan, gazteon aukerak deuseztatzen dituzte inbertitzaileekin edo turistekin eta aldi baterako alokairuetarako etxebizitzak bereganatzen dituztenekin negozioa eginez. Horrek, are gehiago handitzen du prezioen gaineko presioa, eta tokiko biztanleentzat etxebizitzen eskuragarritasuna murrizten du. 

Zer geratzen zaigu orduan? A priori eskuraezina dirudien zerbaiten alde borrokatzea. Etxebizitza eskuratzea erraztuko duten, alokairu-prezioak arautuko dituzten eta babes publikoko etxebizitzen eraikuntza sustatuko duten politika publikoak eskatzea. Politika hauek etxebizitza eskuragarrien eskaintza bermatu beharko lukete, bai alokairuan, bai erosketan, batez ere tentsio handieneko eremuetan. Lurzoru-politikak, etxebizitza babestuak eraikitzeko pizgarriak eta alokairu-merkatuaren erregulazioa gazteon gaineko presioa arindu dezaketen neurriak izan beharko lirateke. Asko maite ditut nire pixukiak baina, taldean bizi nahi dut nik hala erabakita eta ez egoerak behartuta.