Udazken koloretan

Gorka Lasa 2024ko urr. 4a, 06:00

Sukaldeko leihotik ikus dezaket pareko etxeko balkoia. Nahiko balkoi handia da, ez oso zabala baina bai luzexka. Alderik alde burdinazko baranda beltz bat bi muturretan paretari josia eta beste zortzi hanka lurrari lotuak, oinarri eta babes nahikoa ematen diotenak bertara hurbiltzen denari.

Bertan bizi den familia maiz ikusten dut balkoian; garbitu berri duten arropa eguzkitan lehor dadin zabaltzen, arratsaldeetan lasai eserita, zerbait irakurtzen, edo besterik gabe kaleko jardunari begira elkarrekin hizketan. Haurra ere egon ohi da lurrean eserita bere jostailuekin olgetan.

Udaberrian, lorontzi eta landare ederrez apaindu zuten balkoia. Kolore ugariz blai, bizipoza eman zion inguruari, baita lasaitasuna eta patxada ere era berean. Egun haizetsuetan hango usaina iristen zen niganaino eta gozagarria egiten zuen balkoia begiratzea. Balkoi hartako giroa bizitzaren eta bertako familiaren alaitasun eta pozaren isla zen. Beharbada, txikikeria dirudi, baina balkoi horri esker, nire auzoak alaiagoa eta koloretsuagoa zirudien.

Uda sasoian, berriz, ez nuen mugimendurik sumatu bertan. Leihoetako pertsianak beheraino jaitsiak, balkoiko loreak ureztatu gabe, eguzkiaren beroak erreaz lorontzietan bertan ihartu ziren guztiak. Bertara begiratzea gozagarria izatetik, landare ximelez beteriko kanposantu penagarria izatera bilakatu zen.

Udazkenarekin batera, aldiz, aldaketa etorri da berriz ere. Alegia, beste familia baten etorrerak  balkoia kolore biziz piztu du. Ez dute, ordea, balkoia lore eta landare ederrez hornitu, ez dituzte lorontziak  eta lore exotiko eta ezezagunak jarri, zapatilak  baizik. Zapatila mordo bat mota eta modelo askotarikoak, kalerako, mendirako, korrikarako, sokadunak, takoidunak… Denda bateko erakusleihoan bailiran, ilaran, bakoitza bere parearen alboan, erabili ondoren kanpoan aireztatzen.

Ez du udaberriko sentsazio bera transmititzen, baina bai kutsu berritzaile, ausart eta desberdina. Aurten udazkenari beste distira bat dario, baina gure auzoak lehen bezain koloretsu eta alaia izaten jarraitzen du. 

Erlazionatuak