Nago, modu automatikoan "ondo" erantzutera bultzatzen gaituen gizarte batean bizi garela, benetan horrela ote den pentsatzen gelditu gabe. Emaitzak, jomugak eta produktibitatea lehenesten irakasten digute, eta jardutea ongizatea baino gehiago baloratzen duen sistema batean hazten gara. Beraz, ez da harritzekoa nola gauden galdetzean, nondik hasi ez jakitea.
"Zer moduz zaude?" galderak formalismo bat dirudi, gizalege huts bat, baina askoz gehiago izateko potentziala du. Bere baitan, elkartzeko eta entzuteko benetako gune bat irekitzeko aukera ezkutatzen baitu. Nahita formulatzen dugunean, gaia aldatzeko presarik gabe, mezu indartsu bat bidaltzen dugu: axola didazu, eta axola zait nola sentitzen zaren. Ez da galdera bat bakarrik; zaintza-ekintza bat da.
Hala ere, ez da nahikoa galdetzea. Entzuten ere ikasi behar dugu. Benetan entzutea, esaten digutena eten edo gutxietsi gabe. Ikasgelan, adibidez, konturatu naiz nire ikasleei epairik gabe entzuten diedan uneak direla adierazteko seguruen sentitzen direnak. Nola dauden galdetzeak eta erantzuteko denbora emateak beren emozioekin konektatzea ahalbidetzen diela, eta, pixkanaka, izena jartzen ikasten lagunduko dielakoan nago.
Dena den, arazoa ez da bakarrik ez dakigula erantzuten, baizik eta ez gaudela ohituta ariketa hori besteekin edo geure buruarekin egitera. Egunean zenbat aldiz galdetzen diogu geure buruari zer moduz gauden? Zenbat aldiz ematen diogu baimena geure buruari gelditzeko, arnasa hartzeko eta sentitzen dugunari erantzuteko? Deskonexio emozionala ez da norbanakoaren gabezia bat, baizik eta ongizatea barrutik hasten dela ahazten duen gizarte baten sintoma bat.
Haurrei eta gazteei "zer behar duzu ondo egoteko?" bezalako galderak erantzuten irakastea ez da garapen emozionalerako tresna bat soilik, prebentzio-ekintza bat baizik. Osasun mentaleko arazoak larriagotu egiten dira garaiz detektatzen ez direnean, eta nola sentitzen garen identifikatzen ikastea laguntza bilatzeko lehen urratsa da. Eta, hortik haratago, agian "Zer moduz zaude?" xume hori serio hartuko bagenu, jende asko ez litzateke hain bakarrik sentituko.
Geure buruari zein ingurukoei "zer moduz zaude?" galdetzeko eta zintzoki erantzuteko gaitasunak eragin sakona du geure buruarekiko eta besteekiko dugun harremanean. Autoezagutzarako eta enpatia lantzeko ariketa bat da, gure gizatasunarekin berriz konektatzera gonbidatzen gaituena, batez ere gure emozioak alboratzera bultzatzen gaituen mundu batean. Eta zu, zer moduz zaude?