Blue Monday-n izan da Donald Trumpen kargu hartzea. Ekitaldi bitxi eta surrealista horretatik Melania Trumpen txapela, Hillary Clintonek eutsi ezin izan dion barrea, Mark Zuckenbergen begirada lizuna, eta nola ez, Elon Musken agurra izan dira hizpide. Norbaitek ordura arte zein egurretako ezpala zen ez bazekien, zalantza guztiak uxatu ditu berehalakoan. Berria-ko Telegrameko kontuan fin aritu dira beste behin ateraldi honekin: ’Hi, nondik zetorrek kirats hori?’ ‘Ez al duk aditzen?’, Esfortzuaren Lurrina deritzot’. ‘Musker halakoa, jaitsi ezak besoa! Hori kiratsa!’.
Hori da, hain zuzen, kiratsa, tristurarekin batera aldendu ez dena. Kiratsa dator AEBetatik, kiratsa dator Madrildik, Iñigo Errejonen kontrako (agian ez da hitzik aproposena) epaiketatik. Epaileak Elisa Mouliaari egindako galdeketak epailearen partzialtasuna eta matxismoa agerian utzi ditu. Puzker batekin konparatuta, ez da bakarrik ez duela disimuluan egiterik lortu; are gehiago, izugarrizko zaratarekin kanporatu du, eta oraindik kiratsa gainetik kendu ezinik gabiltza.
Zenbat gustatuko litzaidakeen titiak miazkatzen zenbat denbora pasatu zuen eta antzeko galderak jaurtitzen ari zen momenturen batean galdeketa gelditu eta Mouliaak erantzun izan balio: “Begira, une honetan Iñigo Errejonekin nengoenean bezala sentitzen naiz, jazarrita, eta ez baduzu bien arteko lotura ulertzen epaiketa honek ez du ez buru ez hankarik“. Ambi-pur poto osoa gainean hustea bezala izango zen.
Beharko dugu, bai, aire lurrina kiratsa darion faxismo, matxismo eta atzerakoitasun isuriarekin bizirauteko. Blue Monday honek luze iraungo duelakoan nago…