Horrekin aski ez, eta Ahobizi izan direnak animatu ditu lehen hitza beti euskaraz egiten jarraitzera. Belarriprest gisa aritu direnei, berriz, eskatu die hizkuntza horrekiko jarrera positiboa izaten jarraitzeko. Azkenik, lanketa egitera animatu diren entitateak balioan jarri ditu, "udalerriaren aniztasuna" islatzea lortu dutelako soziolinguistikan ere.
Guztira, 1.395
Udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak zenbait datu eman ditu Euskaraldiaren laugarren edizioko parte hartzeari buruz, entitateetatik hasita: 75.000 izan dira Euskal Herri osoan eta horietatik 70 Lasarte-Orian daude, "alkateak esan duen bezala, anitzak eta bakoitzak beretik ekarpena egin dutenak". Norbanakoen kasuan, 135.000 jardun dira zazpi lurraldeetan eta 1.325 gure udalerrian; 1.010 Ahobizi eta 315 Belarriprest. Zifra batzuk eta besteak kontuan izanda, guztira 1.395 pertsona eta establezimendu animatu dira.
Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek, azkenik, gogoratu du 11 egun iraun dituen ariketa "entrenamendua" izan dela, aste eta erdi horretan bakoitzak barneratutako baliabide linguistikoak urte osoan zehar erabiltzen jarraitzeko. Bestalde, parte hartu dutenak animatu ditu bizitakoa bideoz grabatu eta koordinazio guneko eragileekin partekatzera, udalaren webgunera edota Euskaraldiaren atari digitalera bidalita.
Ariketa hori bera egn dute zenbait norbanakok eta baita entitate batzuetako ordezkariek. Alboko zatiduran irakur ditzakezue euren lekukotzak eta baita Urruzola aroztegiko jabe izan zen Inaxio Urruzola herritarraren gogoetak ere.