Dultzainero kuadrillaren doinuek iratzarri dute auzoa, atzo bezala. Diana amaitu ostean txosna alboan beraientzat prestatutako mahaian eseri eta hamaiketako legea egin dute, sukaldariek prestatutako jaki goxoekin: salda, txorizo edota haragi egosia eta patata tortilla. Azken jaki hori izan da goizeko protagonistetako bat, izan ere, Avenida taberna-jatetxeak babestutako txapelketa egin dute. Establezimendu horretako jabe Yon Mikel Rodriguez, Josema Azpeitia kazetari gastronomikoa, Jose Manuel de la Serna Karrantxo eta iazko irabazle Malu Kastresana izan dira epaileak. Partaideek aurkeztu dituzten 12 tortillak baloratu dituzte honako lau ezaugarri hauek kontuan izanda: itxura, zaporea, urtsutasuna eta trinkotasuna. Elaborazioak dastatu eta deliberatzeko tarte bat hartu ostean, irabazleak iragarri dituzte: Martina Muñoz (datorren urteko txapelketan epaimahaikide izango da), Jorge Redondo eta Ina Uhalte. Sariak banatu eta gero, ohiko moduan, tortillak txosnara eraman dituzte eta pintxotan saldu dituzte zatiak, agortu arte.
Bitartean, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako ikasle gaztetxoenek emanaldi sorta egin dute, frontoian. Guraso, senide eta lagunek lepo bete dituzte harmailak eta ikuskizun guztien ostean gogotik txalo egin dute, ez dantzarien lana saritzeko soilik, baita Andoni Iparragirre eta Lierni Arozena txistulariena ere. Musika eta giro alaia jarri dute baita ere Oaintxe in deu! txarangako kideek, LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandiak lagun. Dultzaineroek goizean goiz egin bezala, auzoan barrena osteratxo bat egin dute eta plazan amaitu dute emanaldia, talde argazki erraldoia (inoiz baino hobe esanda) aterata.
Ahalegin erraldoia egin dute baita ere Beñat Telleria eta Xabat Olaizola harrijasotzaileek. Proba misto nagusiaren atariko gisa erakustaldia egin dute eta harriak altxatzeaz gain aizkorarekin ere aritu dira. Amaitu dutenean, tresneria eta moztutako enborren ezpalak jaso eta lau taldeetako kirolariak berotzen hasi dira. Bitartean, ekipo bakoitzeko kideak eta egin beharreko lanak jakinarazi ditu Bixente Iparragirrek: trontza, txingak, giza proba eta hiruna itzuliko lasterkaldia. Agindua ematerakoan hasi dira parte hartzaileak lanean eta emozioz betea izan den txapelketa talde gorriak irabazi du: Aitziber, Gurutz, Joseba, Naiara, Eneko eta Mikel izan dira partaideak. Talde argazkia atera eta gero guztiek jaso dituzte sariak: ardo beltz botila bana eta jaki goxoak, hala nola txuleta, oilaskoa edota gazta.