Asteartean hasiko dira Zabaletako jaiak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 21a, 20:41

Eguna gero eta luzeagoa eta gaua gero eta laburragoa den hau izaten da Teresa Sorgiñarekin urteroko hitzordua izateko garaia. Zabaleta auzoko jaiak ospatzera etortzen da hutsik egin gabe eta aurten ere horrelaxe izango da. Jai batzordeko lagunek, auzo elkartearekin eta udalarekin lankidetzan, sei eguneko egitarau anitz eta koloretsua prestatu dute, edozein adinetako herritarrek gogotik gozatu dezaten. 

Herritarrek estimua diete Zabaletako jaiei, besteak beste, udaran etorriko den gozamen garaiaren aurrekari delako, txosnaz txosna eta jaiez jai ibiltzeko entrenamendu eta atariko ezin hobea. Horrez gain, kategoriako festak dira, auzotarrek mimo handiz prestatzen dituztelako programa eta auzoa koloreztatzen dituzten jarduerak, inklusioan oinarrituta eta inor ahaztu gabe. Horretarako elkartu dira gaur frontoi alboko plazatxoan, datorren asteartean hasi eta igandera arte iraungo duten jaietako egitaraua aurkezteko, Sara Etxeberria Basoko Maxuxta ilustratzaileak diseinatu eta margotutako txosna berrituaren aurrean.

Zabaletako jaien sinbolo bilakatu diren ekimen ugari daude egitarauan, noski: Teresa Sorgiñari harrera, akelarre ikusgarria, igandeko proba mistoa, mus txapelketa, kontzertuak... Eta baita berrikuntza batzuk ere, hala nola sagardo festa edota toka txapelketa, baita oso hunkigarria izango den omenaldia ere, "auzoko zaharrek" jasoko dutena.

Egitaraua

Hilak 27, asteartea

  • 18:00etan, haurren txupinazoa.
  • 18:00etatik 20:00etara, haurrentzako jolasak: serigrafia eta talentu bila. Antolatzaileek ohartarazi dute kamiseta argiak eraman behar dituztela parte hartu nahi dutenek eta bakoitzak euro 1 ordaindu beharko duela, jardueraren gastuei aurre egin ahal izateko.
  • 20:00etan, goxorraketak, buruhandiak eta festetako dantzak.

Hilak 28, asteazkena

  • 18:00etatik 20:00etara, haurrentzako jolasak; eskulanak.
  • 19:00etan, erraldoien entsegua, plaza alboko errepidean.
  • 20:00etan, goxorraketak, buruhandiak eta festetako dantzak.

Hilak 29, osteguna

  • 18:00etatik 20:00etara, haurrentzako jolasak; apar festa.
  • 19:00etatik 20:30era, pintxo-potea.
  • 19:30ean, batxata (entsegua).
  • 20:00etan, goxorraketak, buruhandiak eta festetako dantzak.

Hilak 30, ostirala (Teresa Sorgiñaren jaitsiera)

  • 17:30ean, haurren aurpegi margoketa. Ondoren, goxorraketak eta buruhandiak.
  • 18:45ean, Teresa Sorgiñari ongietorria. Porrotx eta Marimototsek emango dute jaietako pregoia, Jalguneko lagunek dantza egingo dute eta Sorgin Dantza herrikoia dantzatuko dute.
  • 21:00etan, helduen afari auzotarra, norberak berea eramanda.
  • 23:00etan, Kukuka eskolako Euskal Dantza Sorkuntza modalitateko ikasleen emanaldiak.
  • 00:00etan, akelarre ikuskizuna.
  • 00:30etik aurrera, Marte Lasarte eta Txiskeroak taldeen kontzertuak.

Hilak 31, larunbata

  • 09:00etan, diana.
  • 11:00etan, saskibaloi partidak.
  • 11:00etan, margoketa tailerra eta txokolate jana.
  • 11:00etan, Xumela koruko kideak eta Earra! bertso eskolako lagunak auzoan barrena ibiliko dira.
  • 12:00etan, auzoko zaharrei omenaldia.
  • 12:30ean, sagardo festa.
  • 15:30ean, Joxe Migel Aranzadiren omenezko XVI. Mus Txapelketa, Caddie tabernaren laguntzarekin.
  • 17:00etan, LOZET elkarteko buruhandi eta erraldoiak, dultzaineroekin batera.
  • 17:30etik 20:00etara, pilota txapelketako finalak eta Arranopola gazte txarangaren saioa.
  • 20:00etan, goxorraketak eta buruhandiak.
  • 21:00etan, herri afaria.
  • 23:50ean, LOZET elkartearen zezensuzkoa.
  • 00:00etan, Auskalo taldearen eta DJ Fantasiaren kontzertuak.

Ekainak 1, igandea

  • 09:00etan, diana.
  • 10:30etik 11:00etara, patata tortilla txapelketa, Avenida taberna-jatetxearen laguntzarekin.
  • 11:00etan, Kukuka eskolako Euskal Dantza modalitateko ikasleen emanaldiak.
  • 12:00etan, herri kirolen erakustaldia: Xabat Olaizoal eta Beñat Telleria.
  • 12:00etan, Oaintxe in deu! txarangaren emanaldia.
  • 12:00etan, LOZET elkarteko buruhandi eta erraldoiak.
  • 13:00etan, proba misto nagusia.
  • 14:30ean, herri bazkaria. Ostean, bingo aldrebesa, txaranga, eta Anuk eta Eleneren emanaldia.
  • 17:30ean, toka txapelketa herrikoia.
  • 18:00etatik aurrera, dantza gidatuak, Ttipikaren eskutik.
  • 20:30ean, azken traka eta Teresa Sorgiñari agurra.
Erlazionatuak

Asteburu luzea izan dute Zabaletan

Txintxarri Aldizkaria 2024 eka 02 Gizartea