Asteburu luzea izan dute Zabaletan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 2a, 21:20

Luzea, koloretsua, alaia, bizia, lehiatua, mugitua... Zabaletako jaien asteburua deskribatzeko hitza kopurua bi egunetan gauzatutako ekimen zerrendaren parekoa izan daiteke. Alegia, aspertzeko aukera gutxi izan dutela auzotarrek eta hara joandakoek.

Goizetik gauera zeregin ugari izan zuten larunbatean Zabaletan. Ostiral gau luzea izan zutenek atseden hartu artean, festaren erdigunean aspertzeko aukerarik ez zuten izan. Margoketa tailerra, txokolatada eta Zapotxin pailazoaren emanaldia aurrera eraman zituzten, eta Xumela korua auzoan barrena ibili zen kantuan.

Bazkalostean, Jose Migel Aranzadiren XV. Mus Txapelketa, saskibaloi partidak eta pilota txapelketako finalak jokatu zituzten. LOZETeko erraldoi eta buruhandiak ere ibili ziren auzoan, dultzaineroek lagunduta. Goxorraketen ondoren, pilota txapelketako sariak banatu zituzten eszenarioan eta Elektropottottek emanaldia egin zuen. Bitartean, herri afarirako jakiak prestatu zituzten frontoian. Amaieran, Lierni Rekondo eta Iker OrmazabalTturko bertsolariek emanaldia egin zuten.

Akelarre dantza eta zezensuzkoen ondoren, berriz, Txili Pipar, Sinergy eta DJ Fantasiaren musikak alaitu zuten gaua. 

Jai giroko lehia

Txistularien dianak esnatu du igande goizean auzoan, eta eguneko lehen suziriak adierazi die patata tortilla lehiaketan parte hartu nahi zutenei beraiena eramateko epea hasia zela. Iaz hemeretzi tortillaren artean aukeratu behar izan zuten onena, aurten, berriz, hamaika izan dira lehiaketa babestu duen Avenida tabernako Yon Mikel Rodriguezek, Julian Toquerok, Ondo Jan aldizkariko Josema Azpeitiak eta iazko irabazle Diana Marcela Aranak dastatu behar izan dituztenak. Ordu erdi luzez aritu dira onena aukeratzeko lanean, eta ondoren, hiru sari banatu dituzte. Epaileek kontuan hartu dute zaporea, itxura eta urtsutasuna, eta berdinketak apurtzeko batzuk beste behin dastatu dituzte. Maila ona aipatu du Azpeitiak, denak "edozein barran egon edo lagun arteko afaritarako" aproposak direla esanda. Martina Muñoz izan da hirugarrena, gurasoen laguntzarekin egindako tipuladun tortillarekin; bigarrena, berriz, prestaketarako bere sekretua kontatu nahi izan ez duen Mari Jose Eraunzetamurgil, ez du prestaketarako bere sekretua kontatu nahi izan, eta lehenengoa, Jose Manuel de la Serna. Gakoa "osagai onak" direla esan du.

Aurretik Kukukako dantza taldeek erakustaldia egin dute.  Hiru haurrek dultzaina jo dute, danborrak lagunduta hasi dute saioa, nahiz eta dantzari gazteek txistuen doinuarekin egin duten dantza. Hiru taldek parte hartu dute euskal dantza eta dantza garaikideko piezak dantzatuta eguzkipean. Jarraian, LOZETeko buruhandi eta erraldoiek girotu dute auzoa, txarangak lagunduta. 

Ondoko plazan, herri kirolen erakustaldia egin dute Xabat eta Ioritz. Esferikoa hamabost aldiz altxa eta lau enbor moztu behar izan dituzte. Hamalau minutu eskasean lortu dute lanak egitea eta ahalegina txaloekin eskertu diete begira zeudenek. Ingurua garbitu dute proba mistoko partaideek. Ohi bezala, bost laguneko lau taldek parte hartu dute, eta beste hainbeste proba egin behar izan dituzte: trontza, txingak, lokotx bilketa, giza proba eta korrika. Talde beltza aldea hartzen joan da probak aurrera egin ahala, urdina atzean gelditzen joan den moduan. Gorriak eta zuriak lehia bizia eduki dute bigarren nor izan erabakitzeko, korrikan elkarren ia ondoan heldu dira azken metroetan, baina zuriak egindako ahalegina ez da nahikoa izan. Talde argazkia egin eta materialak jaso ondoren, sokatiran egin dute lau taldeek, bina elkarrekin jarrita. Urdin eta beltzak, gorri eta zurien kontra. 

Bazkari herrikoiarekin amaitu da goiza, baina oraindik jaiaren azken txanpa falta zen. Malkogarriyak erromeria taldearen emanaldiak dantzan jarri ditu Zabaletan zeudenak eta toka txapelketa herrikoian ere aritu dira. Hala, azken trakaren unea heldu da, eta hortaz, Teresa Sorgiña datorren urtera arte agurtzeko unea.