"Eta zuek, ibaira jauzi egingo zenukete?". Galdera hori egin die ikus-entzuleei Faisaien irla filmaren zuzendari Asier Urbietak, lan hori eman osteko solasaldiari ekin eta berehala. "Oso interesgarria" iruditzen zaio itaun zuzen hori egitea filma ikusi berri dutenei, tertulian izan ala ikus-entzunezkoan bertan, izan ere, "uneoro" galdetzen baitu hori pelikulan. "Uraren tenperatura 10 gradukoa da, agian ito egin zaitezke... zure bizitza arriskuan jar dezakeen erabakia da. Kontua da hausnartzea ea zer egiten ote dugun arazoen aurrean, ea ikusle hutsak izatera mugatzen garen ala esku hartzen dugun eta zerbait egiten saiatzen ote garen gauzak zertxobait bada ere aldatzeko".
"Munduko jabekidetza txikiena da Faisaien Irla: urte erdian Espainiarena da, eta beste erdian, Frantziarena. Laida (Jone Laspiur) eta Sambou (Sambou Diaby) bertatik paseatzen ari dira eta bi pertsona ikusiko dituzte ibaian, igerian, zeharkatu ezinik. Astebete barru gorpu bat agertuko da bertan, estatu batek besteari agintekidetza ematen dion ekitaldia aurrera eraman bitartean. Zein estatu arduratuko da hilotzaz?". Hori da Urbietak 2021ean martxan jarri eta aurten estreinatu duen proiektuaren sinopsia. Egoera konkretu horren bidez 2018tik "batere" aldatu ez den problematika bat kontatzen du, Europara etortzen diren migratzaileena eta zubi arrunt bat dirudien arren beraientzako muga den horrena. "Oso gogorra izan zen iaz filma grabatzea, errealitatea eta fikzioa uztartu egiten zirelako etengabe. Benetan gertatzen ari zena ikusi genuen: gazte asko galduta, noraezean, hizkuntza jakin gabe, poliziek atzeman eta ilegalki itzultzen...". Ikusitako horrek guztiak "asko" batu zuen taldea eta kide guztiei "indarra" eman zien bertan gertatzen ari dena are grina gehiagoz kontatzeko.
Zuzendariaren gogoetak eta ikus-entzuleen galdera eta zorion mezuak tartekatu ziren solasaldi horretan.